Babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko dituzte Esklabak-Iturzulon

Uztarria.eus | Hirigintza
2019ko ots. 13a, 18:05

Babes ofizialekoak izango dira 39, eta tasatuak 28; urtea bukatzerako zozketarako izen-ematea prest egotea espero du Udalak. Alde Zaharrean eragiten jarraituko duela eta "molde berriko" etxebizitza beharrak aztertzeko prozesua ere iragarri du Udal Gobernuak.

Esklabak-Iturzulo eremuan guztira babestutako 129 etxebizitza eraikiko dituzte.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Joan den urtarrilaren 24an, babes ofizialeko eta udal sustapeneko 70 etxebizitzaren zozketa egin zuten Azpeitian. Orduan aurreratu zuen Eneko Etxeberria alkateak esku artean zuela Udalak sustapen publikoko etxebizitza gehiago eraikitzeko prozedura aurten bertan abiatzearen aukera. Eta horrela izango da. Gaur, etxebizitza plangintzaren bigarren faseari ekingo diola iragarri du Udal Gobernuak; eta horren barruan, Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko dituztela: 39 babes ofizialekoak eta 28 tasatuak edo udal sustapenekoak. "Etxebizitza bat izatea ez da kapritxoa, eskubidea da", esan du prentsaurrean Etxeberriak, eta gaineratu du Udalak, "ahal duen neurrian", eskubide hori bermatzeko betebeharra duela.

Urtarrilean zozkatutako etxebizitza gehienak ere –62– Esklabak-Iturzulo eremuari zegozkion. Orain, beraz, eremu horretako bigarren fasea gauzatzeko pausoak emango ditu udalak. U itxura izango duen bloke bakarrean eraikiko dituzte bi faseetako etxebizitzak.

"Gaurtik hasiko gara eremu horretako etxebizitzen zozketak egiteko lanean, eta gure asmoa litzateke urte hau bukatzerako zozketak egiteko dena prest izatea", azaldu du Leire Goenaga zinegotziak. Urtarrileko zozketan etxerik egokitu ez zitzaienei zein zozketa hartarako izenik eman ez zuten herritarrei "aukera berri bat" eskainiko zaiela nabarmendu du zinegotziak. Gogoratu du, hori bai, etxebizitza sustapen berri honetarako izen-emate prozeduran ez dela kontuan hartuko aurrekoa; prozesu berri bat irekiko da eta lehen zozketarako izena eman zutenek berriro eman beharko dute izena, interesa badute.

Udalak herritarren etxebizitza premiak ezagutzeko egindako azterketak eta aurreko zozketarako izena eman zuten herritarren kopuruak Azpeitian "etxebizitza beharra erreala" dela erakusten dute, Goenagaren hitzetan. Behar horri erantzuteko diseinatu duten eta garatzen ari diren etxebizitza plana "faseka eta denbora epe desberdinetan gauzateko asmoz" egin zutela azaldu du zinegotziak. Zentzu berean, Udalaren etxebizitza politika "dinamika iraunkor bat" mantentzeko diseinatu dutela azpimarratu du Josu Labaka zinegotziak, "belaunaldi eta adin-tarte ezberdinen beharrei erantzuteko, eta ez etxebizitza eskaintzak aldian-aldian egiteko".

Esklabak-Iturzulon ez ezik, Alde Zaharrean ere etxebizitzak sustatzen jarraitu nahi du Udalak. "Gure irizpideen barruan, lehen fasean bezala, bigarrenean ere Alde Zaharrean eraikitzeko aukera aztertuko dugu, Alde Zaharra eraberritzeko herritarrak bertan bizitzen gelditzea garrantzitsua delako guretzat", esan du Goenagak.

Prozesu parte-hartzailea

Udalaren azterketan jasota gelditu ziren "behar ezberdinak" eta "molde berriko" etxebizitza beharrak ere kontuan hartuko dituzte etxebizitza planaren bigarren fase honetan, Hain zuzen ere, horiei erantzuten ahalegintzeko prozesu parte-hartzailea martxan jarri nahi du berehala udalak. Honela azaldu du Goenagak: "Batez ere gazteei zuzenduriko prozesua jarriko dugu abian. Helburua da etxebizitza molde desberdinak ezagutzea, eta Azpeitian behar eta nahi hori duten herritarrekin etxebizitzak hasiera-hasieratik diseinatzea eta garatzea".

Prozesu horren xehetasunak laster emango dituztela esan dute.

Lehen fasea, exekuzioan

Fase berriaren osagaiak azaldu aurretik, Labakak etxebizitza planaren lehen fasean jorratutakoen errepasoa egin du. Besteak beste, azaldu du aurreko zozketan etxea egokitu zitzaienei etxebizitzak esleitzen hasi direla. "Pare bat hilabetean etxebizitza guztiak esleituta izatea" aurreikusten dute, eta exekuzio fasean sartuko dira ondoren, etxebizitzak "eraikitzen lehenbailehen" hasteko helburuarekin; etxeak eraikitzeko lehiaketa publikoa "epe motzean" egingo dutela gaineratu du Labakak. Alde Zaharrean, berriz, datozen asteetan hasiko dira bloke zaharrak botatzen; apaizetxekoa, esaterako.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu