Loiolako bide zaharra itxita dago ur hornidura berritzeko lanengatik

Uztarria.eus 2019ko abe. 11a, 16:16

Loloiarako bide zaharrean obretan ari dira, Loiolatxo eta Sanjuandegi arteko ur hornidura sarea berritzeko. Lan horiek direla eta, bide hori itxita egongo da hainbat astez. Hala ere, nahiz eta lanak bukatu gabe egon, ireki egingo dute oinezkoentzako abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra bitartean.

Loiolatxo eta Sanjuandegi arteko ur hornidura sarea berritzeko lanak egiten hasi ziren abenduaren 2an. Hain justu, Loiolarako bide zaharrean egiten ari dira Gipuzkoako Urakek eta Azpeitiko Udalak adostutako lanak. Obra horiek tarteko, bide hori oinezkoentzako itxita egongo da lanak bukatu bitartean. Hala ere, Gipuzkoako Urakek zehaztu du, Gabonetan zabaldu egingo dutela bidea obra egiten ari den enpresako langileek oporrak hartuko dituztelako. Beraz, zehazki, abenduaren 20ra arte itxita egongo da Loiolako bide zaharra, baina abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra bitartean ireki egingo dute. Ondoren, urtarrilaren 7tik aurrera eta obrak bukatu bitartean, bidea berriro itxiko dute. Obrek hamabi aste iraungo dute, eta 184.428 euroko aurrekontua dute. Egurki enpresa ari da ur hornidura berritzeko lanean.