Agortu egin dira Xanti Agirrezabalak bihar estreinatuko duen 'Satiro' antzezlanerako sarrerak

Uztarria.eus | Kultura
2019ko aza. 6a, 17:46

Dinamoa sormen gunean eskainiko du azpeitiarrak saioa, 20:00etan hasita. Asteburuan beste hainbat antzezlan ikusi ahal izango dira: Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak lana ostiralean, eta Zestoako Eromen Produkzioaken Orlac-en eskuak etzi. Igandean, umeei nahiz helduei zuzendutako Gizon zoriontsuaren alkandora obra ikusi ahal izango da Soreasu antzokian.

'Satiro' obraren irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Xanti Agirrezabalak hartuko du bihar, osteguna, XXXVII. Euskal Antzerki Topaketen lekukoa. Izan ere, Sortzaile Berrien Zikloaren barruan Satiro lana aurkeztuko du azpeitiarrak 20:00etan hasita, Dinamoa sormen gunean. Antzezlana bukatzean, mokadua eta solasaldia izango dira bertan. Emanaldirako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko; joan zen astean ere sarrera denak gastatu ziren Erika Olaizolaren Panpina obraren estreinaldirako

Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak banatzen dituzten Sorkuntza Beketako bat jaso du aurten Agirrezabalak Satiro lanaren sormen prozesua gauzatzeko; Matxalen de Pedro, Ione de la Cruz eta Ane Arenas izan ditu hark bidelagun. Honako hau da obraren sinopsia: "Satiroa: sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, joastatzen eta dantzan ibiltzen zena".

Estreinaldi horren ostean, etzi, ostirala, Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak lana ikusi ahal izango da Soreasu antzokian, 21:30etik aurrera. Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero dira interpreteak eta zuzendariak. Honako hau da lanaren sinopsia: "Nora zoaz noraezean? Aukeratu maleta egokia. Zein bidaia opa dizu bizitzak? Ondarea zerrendatu. Zer garraiatu bakardadean? Antolakuntzan dago perfekzioa. Nola mugitu geldirik bazaude? Babestu, ez hoztu bihotza. Arrotzak. Maletak. Ez-lekuak. Arren, ez ostu bihotza. Arrotzak eguneroko bizitzan eta espazioetan. Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak".

Zapatuan, berriz, Eromen produkzioaken Orlac-en eskuak antzezlanaz gozatu ahal izango dute herritarrek, Soreasu antzokian (21:30). Helduei zuzendutako lana da Zestoako taldeak ekoiztutakoa, eta Ainhoa Odriozola azpeitiarra da gidoiaren egilea; Amancay Gaztañaga, berriz, zuzendaria. Inma Gaztañaga, Lorea Alberdi, Iñigo Dierez, Ainhoa Odriozola, Marije Izeta, Juan Alberto Gaztañaga eta Mikel Ibarguren dira obrako aktoreak. Honako hau da lanaren sinopsia: "Paul Orlac-en bizitza ezin hobea da. Munduko pianistarik ospetsuenetarikoa da, eta Ivonne izeneko emakume zoragarri batekin dago ezkonduta. Batzuetan patuak ezusteko desatseginak gordetzen ditu, eta Orlac jaunarenak 180 graduko itzulia emango du, tren istripu batean eskuak galtzen dituenean".

Igandean umeei nahiz helduei zuzendutako Gizon zoriontsuaren alkandora obra ikusi ahal izango da 17:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Teatro Paraisoren laneko aktoreak Ainara Unanue eta Aitor de Kintana dira, zuzendaria, aldiz, Ramon Molins. Honako hau da lanaren sinopsia: "Bazen behin, oso gaixorik zegoen tsar bat. Diagnosia: 'Gizona hau ez da zoriontsua'. Sendabidea: 'Gizon zoriontsu bat aurkitu behar duzue, tsarrak haren alkandora jantz dezan'. Paraiso Antzerkiak gizadiaren abentura handienetako baten parte hartzera gonbidatzen zaituzte, hau da, zoriontasuna bilatzera".

Sarrerak, salgai

Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, azpeitia.eus webgunean. Gainera, obren egunetan leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak, bost euroren trukean. 12 urtera arteko haurrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute.

Asteburuko egitaraua

Gaur, osteguna. Satiro obra (estreinaldia), Xanti Agirrezabalaren eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Bihar, ostirala. Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak obra, Rubik konpainiaren eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Etzi, larunbata. Orlac-en eskuak obra, Eromen Produkzioaken eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Azaroak 10, igandea. Gizon zoriontsuaren alkandora obra, Teatro Paraisoren eskutik, 17:00etan, Soreasun. (Haurrentzat eta helduentzat).

Bidali:  

Erantzunak

AbaskalenekoXanti | 2019-11-06 : 21:12

Xantiren 50 itzalak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu