Egiguren ez da sailkatu lau eta erdiko promozio txapelketaren finalera

Uztarria.eus 2019ko urr. 27a, 19:45

Julen Egigurenek lau eta erdiko promozio mailako txapelketaren finalerdia jokatu du gaur, igandea, Peña II.aren aurka, baina azpeitiarrak ezin izan du arerioa mendean hartu, eta beraz, jokoan zegoen finalerako txartela galdu du. Tolosako Beotibar frontoian (Gipuzkoa) neurtu dituzte indarrak bi pilotariek, eta 22-12 amaitu dute norgehiagoka.

Egigurenek finalaurrekoa galduta, ez da azpeitiarren arteko lehiarik izango Lau eta Erdiko promozio txapelketaren finalean; izan ere, Alberdik finalerako txartela eskuratu zuen atzo, Asier Agirre nafarrari 22-19 irabazi ondoren. Gaurko neurketarekin erabakita geratu da Alberdik nor izango duen aurrez aurre finalean; partida irabazita, azpeitiarrak Peña II.aren aurka neurtu beharko ditu indarrak txapela lortzeko. 

(Argazkia: Egiguren, artxiboko irudi batean)