Autobusa antolatu dute Altsasuko gazteen kontrako epaia salatzeko zapatuan Iruñean egingo den mobilizaziorako

Uztarria.eus 2019ko urr. 22a, 16:02
Gazteak askatzeko Altsasun egindako protesta bateko irudia.

Jada eman daiteke Iruñera joan-etorria egiteko autobuserako izena, Orkatz tabernan. Zapatuan 15:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik. Iruñean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, izango da kontzentrazioa zapatuan, 17:00etan hasita. Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek deitu dute protesta.

Larunbatean Altsasuko gazteen kontrako epaia salatzeko elkarretaratzea izango da Iruñean, eta hara joateko autobusa antolatu dute Azpeitian. Dagoeneko eman daiteke joan-etorria autobusean egiteko izena Orkatz tabernan, eta zapatuan 15:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik.

Iruñean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean, izango da kontzentrazioa zapatuan, 17:00etan hasita. Hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteei ezarritako kartzela zigorrak salatzeko eta haiek askatzea eskatzeko deitu dute protesta Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformek. Urriaren 9an jakinarazi zuen Gorenak Altsasuko gazteen kontrako epaia, eta sententziaren arabera, kartzelan segitu beharko dute zazpi gazteek: haiei hiru urte eta erdi nahiz bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie epaitegiak; aldiz, bi urteko espetxe zigorra ezarri diote lehen ere aske zegoen gazte altsasuarrari.

Askotariko protestak izan dira batean eta bestean Gorenak epaia jakinarazi zuenetik. Azpeitian, adibidez, elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek urriaren 11n.