Alberdik eta Egigurenek Lau eta Erdiko promozio txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko urr. 21a, 12:39

Final-laurdenetako ligaxkaren azken jardunaldian lortu dute sailkatzea bi azpeitiarrek, Jon Alberdik Dariori eta Julen Egigurenek Arteaga II.ari irabazita; 22 eta 16 izan zen azken emaitza bi partidetan. Datorren asteburuan jokatuko dituzte finalaurreko partidak: Agirreren kontra jokatuko du Alberdik zapatuan, Iruñeko Labriten; eta Peña II.aren kontra Egigurenek, igandean, Tolosako Beotibarren.

Jon Alberdi eta Julen Egiguren, saninazioetako pilota jaialdiaren aurkezpeneko argazkian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Jon Alberdi eta Julen Egiguren, egun profesionaletan ari diren bi esku pilotari azpeitiarrak, iritsi dira Lau eta Erdiko promozio mailako txapelketaren finalaurrekoetara. Lauko bi multzotan banatuta, zortzi pilotari lehiatu dira asteburuan bukatu den final-laurdenetako ligaxkan. Multzo bakoitzeko aurreneko biak sailkatu dira finalaurrekoak jokatzeko, eta bai Alberdi, bai Egiguren, bigarren sailkatu dira B eta A multzoetan, hurrenez hurren, bina partida irabazita eta bat galduta.

Joan den asteburuko azken jardunaldian lortu dituzte fianalurrekoetarako txartelak bi azpeitiarrek. Alberdik 22 eta 16 irabazi zion zapatuan Dariori Etxebarrin (Bizkaia), eta Egigurenek emaitza bera lortu zuen atzo Eibarko Astelena pilotalekuan, Arteaga II.na gainditzeko.

Datorren asteburuan finalerako txartelak izango dituzte jokoan pilotari azpeitiarrek: Agirreren kontra jokatuko du Alberdik zapatuan, Iruñeko Labriten; eta Peña II.aren kontra Egigurenek, igandean, Tolosako Beotibarren.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2019-10-21 : 14:49

Hola, ze poza ematen duen bi pelotariak aurrera doazela jakiteak eta seguru astebukaera hontan ere irabaziko dutela partida. Baliente egiten dute pelotan eta tantoa bukatzen ere asmatzen dute. Kualidade onak eta tenika ona dituzte ta seguru finalera iritsiko dela azpeitiar bat, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu