Jon Alberdi: "Hasiera uste baino hobea izan dela esango nuke"

Uztarria.eus 2019ko ots. 7a, 16:37
Jon Alberdi, debutatu zuen egunean hartutako argazkian. (Ihintza Elustondo)

Irailaren 28an profesionaletan debutatu zuen tokira, herrira, itzuliko da bihar Jon Alberdi pilotaria (Azpeitia, 1999). Erasunekin bikotea osatuta, Binakako Promozio Txapelketan murgilduta dabil, eta txapelketa horren seigarren jardunaldiari dagokion partida jokatuko du Izarraizko jaialdian, Ugalderen eta Jaunarenaren kontra. Txapelketa aldapa gora badu ere, ibilbide berriko lehen hilabeteetan egindakoarekin gustura dago.

Eskuz Binakako Txapelketa Nagusia eta Promoziokoa Azpeitira iritsiko dira bihar. Ezkurdia-Ladis Galartza eta Irribarria-Zabaleta bikoteek jokatuko dute Izarraitzen 22:00etan hasiko den jaialdiaren partida nagusia, baina horren aurretik jokatuko den Promozio txapelketaren partidak ere badu osagai erakargarririk Azpeitiko pilotazaleentzat. Izan ere, Jon Alberdi herrikidea etxean jokatzen ikusteko aukera izango dute berriro, joan den irailean debutatu zuen toki berean. "Debutatu nuenekoarekin alderatuta lasaiago nabil", dio azpeitiar pilotariak.

Bost hilabete pasatxo igaro dira debutatu zenuenetik. Zer moduzkoak izan dira hilabeteok?

Nahikoa onak izan dira. Hasieran, pentsatzen nuen kostatuko zitzaidala partidak irabaztea, baina uste baino hobeto hasi nintzen, baita partida batzuk irabazten ere. Gustura nabil. Txapelketari hasiera kaskarra eman genion, gauzak asko zaildu zaizkigu, baina, hala ere, hasiera uste baino hobea izan dela esango nuke.

Maila berrira ahalik eta ondoen moldatzea zen debutatu bezperan zeure buruari jartzen zenion helburua. Nola doa egokitze prozesua?

Ikusten da partidak irabaztea-eta askoz gehiago kostatzen dela. Lan gehiago egin behar duzu, pilotariek beste maila bat daukate, pilotek ere beste exijentzia puntu bat dute... Kostatu egiten da jartzea, baina uste dut pixkanaka hobetuz joango garela. Ea ondo-ondo segitzen dugun.

Zenbat partida jokatu dituzu? Espero zenituenak, gutxiago ala gehiago dira?

Espero nituenak. Asteko partida bat ari naiz jokatzen, gutxi gorabehera. Momentuz ari zaizkit partidak jartzen eta alde horretatik oso gustura nago.

Eta fisikoki, zer moduz?

Orain arte lesioek errespetatu egin naute eta uste dut inportantea dela hori, jarraipenik gabe asko zailtzen baita egokitzea.

Bihar Izarraitzera itzuliko zara, debutatu zenuen tokira, herrira.

Azken unean sentituko dut agian tentsio pixka bat, baina momentuz lasai nagoela esango nuke. Debutatu nuenekoarekin alderatuta lasaiago nabil, hori bai, eta uste dut oraingoan jokatu ere lasaiago egingo dudala.

Binakako Promozio Txapelketaren seigarren jardunaldia izango duzue jokoan Erasunek eta zuk. Aldapa gora duzue sailkapena.

Aurreko partida guztiak galdu ondoren, joan den igandean irabazi genuen aurrenekoa, Dario eta Ruiz errioxarren kontra. Sailkapenari dagokionez, aukera gutxi dugu aurrera egiteko; jokatzeko gelditzen zaizkigun puntu guztiak lortuz gero, akaso, berdinketaren bat-edo lor genezake, baina oso-oso zaila dirudi. Txapelketaren hasierako partidetan bikote bezala bat egitea kostatu egin zaigu; biotako batek maila ona eman duenetan, bestea gaizki ibili da. Uste dut partida gehienetan egin genezakeela zertxo bat gehiago, baina bategatik edo besteagatik, partidek ihes egin digute.

Zer espero duzue Azpeitiko hitzorduaz?

Oso partida gogorra dugula iruditzen zait. Ugaldek eta Jaunarenak oso bikote ona osatzen dute. Bi puntu dituzte eta, beraz, beraientzat ere garrantzitsua da biharko neurketa, asko dutelako jokoan sailkapenari begira. Gu presio gutxiagorekin aterako gara alde horretatik eta ea horrretaz baliatzea lortzen dugun.

Profesionaletan ari zaren lehen hilabete hauetan, zer topatu duzu espero zenuenetik? Eta espero ez zenuen zerbait bai?

Espero nuen partidak irabaztea asko kostatuko zitzaidala, lan asko egin beharko nuela eta exijentzia maila beste bat izango zela. Horregatik, orain artekoan behintzat sorpresa handirik ez dudala aurkitu esango nuke.

Hasierako zure helburuari eusten diozu edo hasi zara helburu berriak ere finkatzen?

Ez, oraindik helburu berarekin jarraitzen dut. Txapelketarekin, ikusi dut maila handia dagoela, oraindik lan asko dagoela egiteko, eta iruditzen zait egokitze lan horretan jarraitu behar dudala.