Dozenaka lagun bildu ziren atzo Aitor Esteban politikariak eman zuen hitzaldian

Uztarria.eus 2019ko urr. 18a, 12:58

Euskal erronka Madrilen izenburupean hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, Aitor Esteban EAJren Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaileak Sanagustinen, eta dozenaka lagun bildu zen bertan haren hitzaldia entzuteko. Estebanek egungo egoera politikoa eta alderdi jeltzaleak kongresurako dituen erronkak izan zituen hizpide solasaldian, beste hainbat gairen artean. Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarriak Estebani egindako elkarrizketa.

Eskualdeko alderdikideekin bilera

Estabanek atzoko hitzordua aprobetxatu zuen eskualdeko alderdikideekin bilera egiteko. Bertan izan ziren Amaia Etxeberria Azpeitiko EAJren bozeramailea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea nahiz EAJren kongresurako eta senaturako hautagai diren Iñigo Barandiaran eta Maribel Vaquero, besteak beste. Bilera horretan, Madrilen PSOEk eta Unidas Podemosek azken hilabeteetan izandako bilerak izan zituen hizpide Estebanek; dena "antzerki hutsa" izan zela azaldu zien alderdikideei, eta ez zela adostasunerako "inongo borondaterik" egon bi alderdi horien artean. Halaber, EAJren diputatuak adierazi zuen "guztiz arduragabea" izan zela berriz hauteskundeak deitzea, eta datorren azaroaren 10ean "gizartearen haserrea" boto bilakatu behar dela azpimarratu zuen.