Aitor Esteban: "Autogobernua hedatzeko etengabeko jardunean aritzea dugu jomuga"

Uztarria.eus 2019ko urr. 16a, 17:00
Aitor Esteban EAJren Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramailea. (EAJ)

Aitor Esteban EAJren Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaileak hitzaldia eskainiko du bihar Sanagustinen, 19:00etan hasita. Euskal erronka Madrilen izenburupean arituko da solasean, eta hizpide izango ditu egungo egoera politikoa eta alderdi jeltzaleak kongresurako dituen erronkak. Hitzaldiaren atarian, Espainiako panorama politikoaz eta EAJren agenda politikoaz mintzatu da.

Kataluniara begira hasi da astea. Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi du Kataluniako Procesaren epaia, eta erreakzioak berehalakoak izan dira. Nola hartu duzue berria?

Ardura handiz. Zigorrak neurrigabeak izateaz gain, ez dugu uste leporatzen zaien delitua –sedizioa– gertatu denik. 2017ko urriaren 1 hartako ekintzak baketsuak izan ziren erabat. Politikoa den arazoa ez da auzitegietara bideratu behar. Irtenbidea hurbilago egon beharrean, urrunago dago, eta horrek guztiak bizikidetza gaiztotzen du.

Agenda politikoari begira jarrita, ate joka daude azaroaren 10eko hauteskundeak. Nola ikusten duzu Espainiako panorama politikoa?

Gaizki dago, benetan. Giro txarra da nagusi. Bakoitzak berearekin jarraitzen du, ezer adosteko nahirik gabe. Eskuina bazter-bazterrera joan da, orain Pablo Casadok itxura gorde arren. Eskubideak murriztearen alde agertu da Casado, eskumenak –hezkuntza, osasuna eta beste hainbat arlotan– kendu nahi dituela esan du, eta dei egin du autonomietan aplikagarriak ez diren legeak erabiltzera. Voxek gure alderdiaren ilegalizazioa eskatu du. Albert Rivera, antzera. Ezkerra zatituta dago; gehiengoa egiteko kopurua egon arren eta ausardiaz erroka politikoei aurre egiteko abagune ederra izan arren, ez da akordiorik egiteko gauza. Ea zer gertatzen den hauteskunde egunean. Nik ez dut apusturik egiten.

2011. urtetik bost aldiz egin dira Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskunde orokorrak: lau urtetan lau aldiz. Zeren isla da hori?

Alderdi espainiarrek hitz egiteko eta hitzartzeko duten ezintasunaren isla da. Ez dira gai egonkortasun apurrenik ere sortzeko, beren burua soilik ardura zaielako. Euskadiko egoerarekin alderatzean, nabarmena da ezberdintasuna.

Negoziazioak negoziazio, ez dago gobernu akordiorik. Horren aurrean, zer balorazio egiten duzu?

Antzezpen hutsean ibiltzen dira beti, eta sekula ez da akordiorako borondaterik egon. Hauteskundeen ostean epeak luzatzen zirela ikustean, ekainean PSOErekin bildu ginen, eta horren ostean, susmo txarra hartu genuen. PSOEk gogo gutxi zuen akordioetarako, eta Podemosek ez zekien zertan zebilen, errealitatearen gainetik beti. Guk abuztuan batzarrekin jarraitzeko eskatu genien, baina ez zen horrela izan, eta egungo egoerara ekarri gaituzte. Erantzukizun huts izugarria egon dela iruditzen zait.

Akordio ezak ba al du eraginik Euskal Herriko agenda politikoan?  

Jakina. Ez hainbeste Eusko Jaurlaritzaren eguneroko lanean, baina bai Madrilen eragina duten gaietan, hala nola AHTaren kontuan edo eskumen transferentzian. Eta gobernuan behin-behinekotasunean egoteagatik ezer ezin dutela egin esatea, gezurra izateaz gain, arduragabekeria da.

Indartsu ikusten da nazionalismoa Espainian. Nola baloratzen duzu espainiar nazionalismoaren indartzea edo gorakada?

Oso kezkagarria da. Rivera euskal nortasunaren eta eskumenen aurka ari da beti, Vox goraka doa eta Casado bazter-bazterrera joan da lideratu nahiak bultzatuta. Colon Plazan egindako argazkia orain dela urte eta erdi egin zen. Inkestak oso aldakorrak dira, eta ez da guztiz baztergarria eskuineko alderdiek gehiengoa lortzea.

Joan berri den asteburuan aurkeztu ditu EAJk Kongresurako eta Senaturako Bizkaitik proposatuko dituen hautagaiak. Bilbon egindako agerraldian aipatu zenuen "Euskadiri dagozkion gaiak albo batean" utzi dituela Pedro Sanchezen Gobernuak. Zein dira alboratu dituzten gai edo lan ildo horiek?

EAJk Euskadirentzako inbertsio eta egitasmo batzuk adostu zituen Mariano Rajoyrekin, eta horietako asko aurrekontuetan onartu ziren. Sanchezek konpromiso horiek bere egin zituen gaitzespen-eskea (zentsura-mozioa) irabazterakoan, guk eskatuta. Orduz geroztik, gauza batzuk bete ditu, baina beste batzuk ez. Gipuzkoan, adibidez, Martuteneko espetxeari edo Lezoko plataforma logistikoari dagozkion egitekoak geldirik daude. Gainera, Sanchez ez da betetzen ari Iñigo Urkullu lehendakariarekin adostu zuen eskumen transferentzietarako egutegia. Hori onartezina da. Bitartean, gu jo eta ke gabiltza zorra gogorazten. Aste honetan, esate baterako, beste akordio bat lortu genuen: Lemoizko lurrak euskal erakundeei eskualdatzea.

Adierazi duzu Sanchezek kanpainarako agenda baduela, baina ez duela gobernu agendarik. Talde jeltzaleak zein gai ditu agenda politikoan?

Madrilen gugan eragina daukaten erabaki asko hartzen dira. Beraz, euskal agendaren defentsa da gure jomuga, gure programan zehaztuta dagoena, hain zuzen. Esaterako, burdinbide-azpiegiturak, AHTa kasu, baita eskubideekin eta askatasunekin lotutako gaiak ere. Adibidez, Mozal Legea aldatzeko proposamena egin genuen, baina ausardi falta egon zen Espainiako Gobernuaren aldetik. Era berean, uste dugu sekretu ofizialen legea aldatu behar dela, eta horretan ahaleginduko gara. Brexitaren ondorioei erantzuna eman beharko zaie, baita ekonomiaren desazelerazioari ere. Ekonomia arloko neurriak gure enpresetarako onuragarriak izan daitezen ahalegindu behar dugu, sarritan hango ikuspegitik gure berezitasunak kontuan hartzen ez direlako. Gure autogobernuaren aurkako eraso-ahaleginak eragoztea eta autogobernua hedatzeko etengabeko jardunean aritzea dugu jomuga. 

Euskal erronka Madrilen izenburupean eskainiko duzu solasaldia Azpeitian. Zein dira datozen urteetarako kongresuan dituzuen erronkak? 

Gure herria defendatzen jarraitzea. Gure herritarren interesak, ongizate eta itxaropenak ditugu erronka. Parlamentuko euskal talde bakarra gara, eta oraindik herri honetarako gauza asko daude jokoan Madrilen. Horregatik, euskaldunen haserrea adierazteko modurik onena da horren errurik ez duen, euskal interesak aurretik jartzen dituen eta politika elkarrizketa, negoziazio eta akordio bezala ulertzen duen alderdi baten aldeko botoa ematea.