Klima larrialdiaz ohartarazteko, Azoka Plaza ez dute argiztatuko gaur gauean

Uztarria.eus 2019ko ira. 27a, 15:17

Keinu horrekin herritarrak ere munduak bizi duen larrialdi egoeraz ohartarazi nahi dituela esan du Azpeitiko Udalak. Herriko hainbat ikaslek ere bat egin du Fridays For Future gazte mugimenduak eta Klima Larrialdirako Aliantzak gaurko egindako klimaren aldeko greba deialdiarekin.

Klimaren aldeko nazioarteko greba eguna da gaur, ostirala, eta herriko ikastetxeetako hainbat ikaslek bat egin dute Fridays For Future gazte mugimenduak eta Klima Larrialdirako Aliantzak –Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek eta ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas– egindako deialdiarekin. Mundu osoko hainbat eta hainbat herrialdetan ari dira protestak egiten, eta Azpeitian ere izan du erantzuna deialdiak. Ikasleek ez ezik, LAB sindikatua ere batu da protestara: Azpeitiko bulegoa itxi du 11:00etatik 13:00etara bitartean, klima larrialdiaz ohartarazteko.

Azpeitiko Udalak ere bat egin du klima larrialdiaz ohartarazteko deiarekin, eta gaur gauean Azoka Plaza ez argiztatzea erabaki du. Keinu horrekin herritarrak ere munduak bizi duen larrialdi egoeraz ohartarazi nahi dituela esan du erakundeak.