LABek Azpeitiko egoitza itxiko du bihar, klima larrialdia salatzeko grebarekin bat eginez

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko ira. 26a, 17:00

Mundu osoan deitu dute biharko, ostirala, klima larrialdia salatzeko greba, eta Euskal Herrian ere hainbat dira deialdiarekin bat egin duten eragileak. Hain zuzen ere, LAB sindikatuak egoitzak itxiko ditu bihar, 11:00etatik 13:00etara; tartean, Azpeitikoa. Urola Kostako LABek irakurketa egin du biharko deialdiaren atarian.

LABeko hainbat kide greba deialdiarekin bat egin dutela jakinarazteko atera duten argazkian. (LAB sindikatua)  Ikusi haundiago | Argazki originala

LAB sindikatuak bat egin du klima larrialdia salatzeko biharko, ostirala, deituta dagoen greba deialdiarekin, eta eskualdeko egoitzak itxita izango dira bihar, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Mundu guztian ari dira klima larrialdia salatzeko protestak egiten aste honetan, eta Euskal Herrian ere hainbat ekintza antolatu dute Klima Larrialdirako Aliantzak eta Fridays For Future gazte mugimenduak. Hain zuzen ere, Klima Larrialdirako Aliantza Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Eguzki talde ekologistek eta ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek osatzen dute, besteak beste. Bihar, klimaren aldeko munduko mobilizazio eguna izango da, eta horregatik itxiko ditu LABek egoitzak goiz eta eguerdi partean.

Biharko greba deialdiarekin bat egiten duela-eta honako irakurketa hau kaleratu du Urola Kostako LAB sindikatuak:

"Ostiraleko, klimaren aldeko mundu mailako mobilizazio egunaren aurrean, LABek kapitalismo heteropatriarkal eta ekozidaren kontra agertu eta burujabetza ekosozialista eta feministaren aldeko apustua berresten du.

Kapitalismoaren bilakaera bortitzak pertsonon eta planetaren jasangarritasuna kolokan jartzen du. Gutxi batzuen mesedera dagoen sistemak bizitza bera arriskuan jartzen du. Errekurtso naturalen agorpenak, ekosistemen degradazioak, oreka naturalen apurtzeak, ... larrialdi ekologiko egoera sortzeaz gain desberdintasun sozialak handitzen ditu. Azken nean, larrialdi ekologikoa mundu osoko langileon kontrako erasoa da.

LABek argi du, krisi honen aurrean kapitalismotik sustatzen ari diren proposamen sasi ekologistak ez direla inolaz ere alternatiba. Adibidez, G7ko gailurrean garapen teknozienti koaz, sistemaren oinarri material produktiboaz eta larrialdi klimatikoaz hitz egitea ez da kasualitatea. Kapitala erreproduzitzeko berdez margoturiko bide alternatiboak bilatzea langileon kontrako agendaren parte dira. Horregatik argi diogu: kapitalismoa ez da bateragarria, ez justiazia sozialarekin, ez eta planetaren jasangarritasunarekin ere.

Langileon beharrizanak jasoko dituen agenda bat martxan jarri beharra dugu. Printzipio ekologistak jasotzeaz gain, ezinbestekoa dugu feminismoa eta justizia soziala jasoko duen alternatiba. Garapen ereduaren aldaketa erradikala behar dugu, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak berrikusiko dituena, langileoi bizitza duin bat eskainiko diona eta larrialdi klimatiko eta energetikoari aterabide sozial eta demokratikoa emango diona. Horrela ezinbestekoa izango da burujabetza alternatiba horiek egikaritzeko. Euskal Herriak bere politika publikoak erabakitzeko gaitasuna behar du, Euskal Herrian beharrezkoak diren azpiegiturak, energia eredua, zerbitzu komunitarioak, ... diseinatzeko gaitasuna. Finean, trantsizio ekosozialista diseinatzeko ezinbesteko baldintza da plani kazioa eta aldagai sozioekonomikoen gaineko kontrol publikoa.

Bide horretan sakontzeko, ezinbestekoa da Euskal Herrian eta mundu guztian ahalik eta azkarren urrats sakonak ematen hastea. Trantsizio ekosozialista baterako oinarriak jarri behar ditugu, denbora galdu gabe. LAB sindikatua dagoeneko norabide horretan dago, ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren printzipioak sindikatuaren izaeran txertatzea erabakia dugu. Printzipio hauek gure proposamen soziosindikalean txertatzea eta sindiatu bezala daukagun praktikan ere inpaktu zuzena izateko konpromisoak zehaztea aurrez aurre ditugun erronkak izanik. Horregatik gaurko egunez eta bide honetan 2 orduko paroa egin dugu sindikatu barruan, bide horri baten hasiera bezala.

Baina bide hori LABetik harago doa, Euskal Herriko mugimendu soziosindikal guztiari dagokio bide berean eragitea. Guk gure aldetik bide horretan aktibo izateko konpromisoa hartzen dugu. Eredua aldatu, ez klima.

Larrialdi klimatikoaren aurrean, langileok ekosozialismoa".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu