Leire Martin eta Malen Sanz Ruiz de Erentxun, Sarralle Grow bekaren irabazleak

Uztarria.eus | Hezkuntza
2019ko ira. 17a, 14:36

Azpeitiko Sarralle enpresak joan den ekainean jakinarazi zuen unibertsitatean ikasketak hasiko dituzten emakumeei zuzendutako bekak emango zituela lehen aldiz, Sarralle Grow izenarekin. Enpresak jakinarazi duenez, dagoeneko aukeratu dute zeintzuk izango diren ikasturte akademiko bakoitzeko 1.000 euroko beka bana jasoko duten bi emakume gazteak: Leire Martin donostiarra eta Malen Sanz Ruiz de Erentxun zarauztarra. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiaraztea dute helburu beka horiek, zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotuz.

Parte hartzeko baldintzak honako hauek ziren: 18 urtetik 25 urtera bitarteko emakumea izatea, Gipuzkoan bizitzea eta gradu bikoitzeko ikasketak egitea. Beka jasoko duten bi emakumeek 18 urte dituzte. Leire Martin urte honetan Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea deritzon gradu bikoitza ikasten hasi da Deustuko Unibertsitatean; Malen Sanz Ruiz de Erentxun, berriz, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Informatikaren Ingeniaritza deritzon gradu bikoitza, unibertsitate berean.

Bekaren sustatzaileek irailaren 11n jakinarazi zieten hautagaiei hartutako erabakia, eta joan den ostegunean egin duten bekak banatzeko ekitaldia, Sarralleren instalazioetan.

(Argazkia: Sarralle)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu