Unibertsitatean ikasketak hasiko dituzten emakumeei zuzendutako bekak emango ditu Sarralle enpresak

Uztarria.eus 2019ko eka. 4a, 19:51

Mila euroko bi beka emango ditu ikasturtero Azpeitiko enpresak, ordaindutako praktikak egiteko aukerarekin, eta ireki du Sarralle Grow izeneko beka horien lehen ediziorako deialdia. "Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazten laguntzeko, eta zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotzeko" sortu dituzte dirulaguntzak. Beken onuradunek beren ikasketak irauten duten epean kurtsoro jasoko dute mila euroko dirulaguntza.

Unibertsitate ikasle emakumeei zuzendutako bekak sortu ditu Azpeitiko Sarralle enpresak, "gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiarazten laguntzeko, eta zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotzeko". Sarrale Grow izenarekin, mila euroko bi beka banatuko dituzte ikasturtero, unibertsitatean zientzia, teknologia, ingeniaritza edota enpresa arloko hainbat ikasketa hasten dituztenen artean; beka horiek eskuratzen dituztenek ikasketak iraun bitartean kurtsoro jasoko dute mila euroko dirulaguntza. Horrekin batera, ingeniaritza esparruan eta korporazioko departamentuetan uda sasoian ordaindutako praktikak egiteko aukera eskainiko die Sarrallek bekadunei; baita gradu amaierako proiektua egiteko aukera ere, "beren ikasketak garatu nahi dituzten taldeko dibisioan".

"Jabetzen gara emakumeen jarduerak gizonezkoena baino txikiagoa izaten jarraitzen duela", diote bekaren sustatzaileek, egitasmoa martxan jartzeko arrazoiak azaltzerakoan, eta errealitate horretan eragina duten "askotariko faktoreak" aipatu dituzte: kulturalak, sozialak edota "merkatuaren idiosinkrasia bera". "Merkatu berrietan eta normalean gizonezkoenak direla esaten den lanetan gero eta presenteago badaude ere, emakumeen kopurua murriztu egiten da kategoria profesionalak gora egiten duen heinean, eta ia desagertu egiten da zuzendaritza eta erantzukizun karguetan".

Lehen deialdia, martxan

Sarralle Grow urte anitzeko beka programaren lehen edizioaren deialdia ireki dute dagoeneko. Interesa dutenek ekainaren 30era arte aurkez ditzakete eskaerak; ondoren, irailaren 9a arteko epea izango dute agiriak aurkezteko. Aukeratutakoen izenak, berriz, irailaren 11n jakinaraziko dituzte.

Beken gaineko informazio osoa, eta izena emateko zein eskatzen diren agiriak atxikitzeko aukera, Sarralleren webgunean daude. Bertan zehazten dituzte diruz lagunduko dituzten ikasketa arloak zeintzuk diren ere.