Eneko Ibarguren: "Kapitulu berriak eta ederragoak irekitzeko gogoz nago. Maitasun handiz, eskerrik asko denoi"

Uztarria.eus 2019ko ira. 16a, 14:39

Amaitu da 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa, aldeen arteko akordioa erdietsita. Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera ostean, honako mezu hau helarazi nahi izan du Eneko Ibargurenek. Bere egoeraren nahiz kideen egoeraren berri eman, sentipenak elkarbanatu eta eskerrak eman ditu azpeitiarrak.

"Aupa lagunok! 

Akordio bidez amaitu da gaur goizean hastekoa zen epaiketa. Bi pertsona bost hilabeterako espetxeratuak izango dira, eta hamasei pertsonek beraien lana galduko dute ezarritako inhabilitazioaren ondorioz. Nire kasuan, urte eta erdiko espetxe zigorra (suspentsioan geratuko dena, espetxean sartu beharrik gabe), hiru urterako inhabilitazioa eta hezkuntza publikoan dudan plaza betirako galtzea suposatuko dit ezarritako zigorrak. Uztailaren amaieran adostu zen lehen zirriborroa fiskalarekin, baina akordioa gauzatzeko beharrezkoa zen akusazio partikularrek ere bat egitea (AVT eta Dignidad y Justicia). Joan den asteazkenean jakin genuen azken horiek ere bat egiten zutela akordioarekin. Akordioaren barruan zihoan akordioa gauzatu aurretik (gaur, alegia) horren berri publikoki ez emateko konpromisoa. Horregatik ezinezkoa izan zaigu gaur arte ezer esatea, gure nahia bestelakoa izan arren.

Kontraesan handia eragin dit nire aurkako akusazioak onartzeak. Akordioaren ondorioak ere gogorrak dira pertsona askorentzat, baina espetxe zigor handiak izateko arriskua genuen, eta elementu guztiak mahai gainean jarri ondoren akordioa sinatzea erabaki dugu, espetxe zigorrak ahalik eta gehien saihestea lehenetsiz. Entzutegi nazionalean ez genuen justiziarik espero. Gure artean sakon eztabaidatu ondoren modu kolektiboan hartu dugu erabakia.

Benetan eskertu nahi dut nire herrian jaso dudan babes guztia. Espero dut asmatuko dudala elkartasun guzti hau itzultzen eta behar duen horren ondoan egoten. Gogoan ditut espetxeetan ditudan lagunak, beraiengandik hurbil egoten jarraitu nahi dut, eta nire aletxoa jarriko dut presoak herrira ekarri arteko lanean. Tentsio askoko asteak izan dira azken hauek, eta kapitulu hau ixtea dagokit orain. Kapitulu berriak eta ederragoak irekitzeko gogoz nago, jendearekin, eta beti jendearekin. Maitasun handiz, eskerrik asko denoi".