Akordioa adostuta, espetxea saihestuko du Eneko Ibargurenek

Uztarria.eus 2019ko ira. 16a, 13:02
Auziperatuak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaiketara sartu aurretik. (47ak herrian)

Gaur hasi da 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auziperatuek beren kontrako akusazioak onartu dituzte, eta akordioa erdietsi dute fiskalarekin. Urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45 auziperaturi –tartean da Ibarguren–, eta, horrenbestez, ez dute espetxera joan beharko. Enparantza eta Zulueta, aldiz, hilabete batzuetarako sartuko dituzte giltzapera.

Eneko Ibarguren Kurku ez da espetxera joango. Gaur, astelehena, 10:00etan hasi da azpeitiarraren eta 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta minutu gutxiren buruan amaitu da, akusazioak onartuta eta akordioa erdietsita. Auziperatuek beren kontra egindako akusazioak onartu dituzte. Akusazioak onartu ostean, aldeek esan dute ez dagoela frogarik egin beharrik. Beraz, ondorioetara pasatu dira zuzenean. Ondorioetan zigor eskaera berriak zehaztu ditu fiskalak, eta amaitutzat eman dute gaurko saioa eta epaiketa. Eskaera horietan, erakunde terroristako kide izatea egotzi diete bi akusaturi, Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari, eta beste 45i, berriz, parte hartze aktiboa. Modu horretan, 45 auziperaturi urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete. Horrenbestez, espetxea sahiestuko dute 45 auziperatuk, tartean Ibargurenek. Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek. Eta haietako hamaseiri egunerokoan eragingo die horrek, arlo publikoan egiten dutelako lan. Hiruk, gainera, betirako galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza.

Zulueta eta Enparantza, aldiz, espetxera joango dira. Zuluetari hiru urte ta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote eta Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aurrez behin-behinean egindako espetxealdia kontuan hartuta, bost hilabete egingo dituzte preso. 

Behin epaiketa amaituta, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean hitz egin du Amaia Izko abokatuak. Bere esanetan, helburua denek espetxea sahiestea zen. "Askotan salatu dugu epaiketa honetara baldintzatuta gatozela, Auzitegi Nazionala ez baita ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Horrek pentsarazi digu agian zigor horiek egia bilakatu zitezkeela, eta bultzatu gaitu akordioa onartzera, nahiz eta gure hasierako helburua denok aske irtetea izan. Erabaki kolektiboa izan da".

2013. urtean Herriraren kontra egindako operazioan du jatorria 11/13 sumarioko 47 auziperatuen kontrako epaiketak. 

Atzera begira

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu zuen auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herriraren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi zieten abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

Sei urte igaro dira ibarguren atxilotu zutenetik, eta orduz geroztik baldintzapeko askatasunean izan da azpeitiarra. Horrenbestez, hamabost egunean behin epaitegira joan behar izan du sinatzera. Hori ez ezik, Ibargurenek debekatuta dauka Espainiatik ateratzea.