Larrañaga eta Amubieta nagusitu dira Zarauzko Dantza Suelto Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko ira. 3a, 14:00

Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta dantzariek bolada ezin hobean jarraitzen dute; izan ere, joan zen igandean Donostiako Dantza Suelto Txapelketa irabazi ostean, atzo Zarauzko lehian ere nagusi izan ziren. Hamabi bikotek parte hartu zuten atzokoan Zarautzen jokatutako Dantza Suelto Txapelketan, eta jendetza izan zen Lege Zaharraren enparantzan, 16 urtetik gorako gazteek dantzatu zituzten fandango eta arin-arin doinuez gozatzen. Epaileek hala erabakita, Amubieta eta Larrañaga izan ziren dantzari onenak –iaz ere beraiek irabazi zuten txapelketa–, eta irabazleei dagozkien txapela eta zapiak jantzi zituzten horiek. Ez ziren txapelketan parte hartu zuten azpeitiar bakarrak izan Larrañaga eta Amubieta; are gehiago, Ekain Uzkudun azkoitiarra eta Laura Bastida azpeitiarra hirugarren sailkatu ziren. Urola Kostako Hitzaren webgunean ikus daitezke atzoko txapelketako irudiak.