Istilu taldea: "Indartsu ikusten dugu street punk-Oi! musika gazteen artean"

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 5a, 14:03
Istilu musika taldea. (Maialen Etxaniz)

Azkar murgildu dira musikaren munduan Eneko Larrañaga, Manex Hernandez, Aitzol Briz, Josu Artetxe eta Julen Odriozola. "Bizi-bizirik" ikusten dute kaleko doinuen habia. Urola Kostako Hitzak taldeko kideekin hitz egin du.

Nola sortu zen Istilu musika taldea?

Aspalditik geneukan musikaren bueltan zerbait egiteko grina. Ezagun batzuek Zubizarreko entsegu lokaletako giltza zuten, eta hori dela eta, egun batean bertako instrumentuak probatzera animatu ginen. Hasieran, hiru ginen, Manex [Hernandez], Josu [Artetxe] eta Aitzol [Briz], eta ondoren batu zen taldera Eneko [Larrañaga]. Entseatzeko gelditzen hasi ginen, eta gauzak ondo zihoazela ikusita, Azpeitiko Gaztetxeak antolatzen duen Bertsio Gauan parte hartzera animatu ginen. Orduan deitu genion Juleni [Odriozola], musika taldea behar bezala borobiltzeko. Bertsio Gauean parte hartzeko konbentzitu genuen, eta horrela jarraitu dugu gaur arte.

Zein musika talde dira erreferente zuentzat?

Entzutea gustatzen zaigun musika mota sortzen dugu. Erreferente ditugu, besteak beste, Nafarroa 1512, Alerta Gorria, Never Surrender, Verräter, Against You, The Sinners… musika taldeak. Horien bertsioak jotzen ditugu kontzertuetan.

Betsioak ez ezik, zuen kantuak ere jotzen dituzue.

Guk sortutako lau kantu ditugu, eta bidean da bosgarrena. Gehienak elkarrekin sortutakoak dira. Lehenik, erritmoak sortu genituen, eta ondoren gehitu genizkien hitzak. Horrela sortu genituen bi abesti. Beste bi kantuak, aldiz, lagunek idatzitako hitzekin osatu ditugu. Gaizkile izeneko abestiaren letra Gaizka Arruek sortutakoa da, nahiz eta ondoren moldaketa batzuk egin dizkiogun. Fusilak ala kateak abestiaren letra, berriz, Oier Salegik egindakoa da. Hark esan zigun bazituela berak idatzitako olerki batzuk tiradorean gordeta, eta nahi bagenuen lasai hartzeko. Gaizkile abestiarekin egin genuen moduan, Fusilak ala kateak olerkia hartu eta gure doinuetara ekarri genuen.

Zer esaten dute zuen abestiek?

Kantu bat lagunei eskainitakoa da, eta beste hiruak gaur egungo egoera sozialaren gaineko kritikak dira. Inposatzen dizkiguten hainbat konturekin bat ez gatozela adierazten dugu abestietan, eta sistema kapitalistaren jazarpenen kontra egitera animatzen dugu entzulea.

Diskoa, noizko?

Diskoa agian ez, baina abesti sorta bat grabatzea nahiko genuke, sarean entzungai jartzeko eta modu horretan jendearengana gehiago iristeko. Musikaren munduan ibilitako hainbat ezagunek laguntza eskaini digute, eta gure asmoa da sortutako kantak grabatzea. Dena den, disko fisikoa urruti ikusten dugu oraindik, horrek eskatzen duen lanarengatik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, honako lotura honetan.