2019ko santioak eta saninazioak

Ekitaldiz beteta dator Baserritarren Eguna

Uztarria.eus 2019ko uzt. 24a, 19:00

Bihar, osteguna, Baserritarren Eguna ospatuko da herrian, eta goizean goizetik hasita hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da. Santio egunez ohikoa den moduan, Sagardo Txapelketa eta dastaketa, ganadu erakusketa eta Gazta Lehiaketa izango dira, besteak beste. Horrez gain, pilota finalak, errekortariak nahiz bestelako ikuskizunak ere izango dira herritarren gozamenerako.

Azken ukituak besterik ez dira falta bihar ospatuko den Santio egunerako; goizean goizetik, hainbat ekitaldi izango da Baserritarren Egunean, eta jan-edanerako aukera zabala izango dute herritarrek bertan. Horrez gain, hainbat kirol eta musika ikuskizun izango da egun osoan zehar.

09:00etatik 14:00etara bitartean, XXV. Cesar Valverde Pilota Txapelketako finalak izango dira Izarraitz pilotalekuan. 10:30etan Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik goiz eresia izango da, eta ordu berean Nafarroako banderari omenaldia egingo diote Urolako Napar Zuzterrak taldeko kideek Perez Arregi plazan hasita. 11:00etan, berriz, Eskualdeko ganadu erakusketa eta XXI. Gazta Lehiaketa izango dira; guztira, 42-45 abelburu izango dira Astotegian ikusgai eta Gazta txapelketaren XXI. edizioan, berriz, 27 gaztagilek parte hartuko dute.

Eguerdi partean sagardoa izango da protagonista nagusia, 47. sagardo lehiaketa izango baita, eta guztira, 23 sagardogilek parte hartuko dute lehiaketan: hain zuzen ere, Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Aulia (Legorreta), Barkaztegi (Martutene, Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoian), Herrerue (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Otsua-Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia), Urdaira (Usurbil) eta Zabala (Aduna) dira zerrenda osatuko duten sagardotegiak. 12:00etan hasiko da lehiaketa, eta epaimahaiak erabakiko du zein hiru sagardotegik jasoko dituzten Mikel San Juan tailugileak egindako garaikurrak. Urola Bailarako Sagardozaleen Lagunak elkarteko kideek antolatu dute lehiaketa, udalaren eta Gipuzkoako Sagardozaleen Elkartearen babesarekin.

Txapelketa egin bitartean, herritarrek sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Sagardotegi bakoitzak hamabina kaxa eramango ditu plazara, eta horiek gastatu arte banatuko dituzte tragoak herritarrek artean. Basoak erosi egin beharko dituzte herritarrek 3,5 euroren trukean, eta sagardoa doan edan ahal izango dute. Gainera, txekor eta hegaluze pintxoak ere dastatu ahal izango dira plazan, bi euro ordainduta. Aldi berean, Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariak kantuan arituko dira plazan, eta Lajak, Lutxurdiok eta Berastegik trikiti doinuekin giroa alaituko dute.

Arratsaldean ere herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango. 18:00etan Kantujira izango da kalez kale, eta ordu berean, zezen plazara hurbiltzen direnek errekortarien ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Horren ostean, berriz, 19:30ean hasita, Jainekin txarangaren emanaldia izango da. 

Uztailak 25, osteguna: Baserritarren eguna

09:00-14:00. XXV. Cesar Valverde Pilota Txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.

10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldearen eskutik.

10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan hasita. Erdikaletik kalejira eginda, plazan ohorezko dantza egingo dute.

11:00. Eskualdeko ganadu erakusketa.

11:00. XXI. Gazta Lehiaketa.

12:00. 47. Sagardo Txapelketa eta dastaketa. Plazan kantuan ariko dira Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolariak, eta trikiti doinuz alatuko dute Lajak, Lutxurdiok eta Berastegik.

18:00. Kantujira, kalez kale.

18:00. Errekortariak, zezen plazan.

19:30-22:30. Jainekin txarangaren emanaldia.