2019ko santioak eta saninazioak

Nafarroako banderari omenaldia egingo diote bihar

Uztarria.eus 2019ko uzt. 24a, 11:30
Iazko ekitaldiko irudi bat.

Baserritarren eguna izango da bihar herrian, eta urtero bezala, Nafarroako bandera omenduko dute Napar Zuzterrak taldeko kideek herriko kaleetan barrena. 10:30ean Perez Arregi plazan bilduko dira, eta ondoren ekitaldia izango da plazan. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean. 

Urtero legez, Nabarralde Fundazioko Urolakoen Napar Zuzterrak taldekoek Nafarroako banderari omenaldia egingo diote bihar, osteguna, herriko kaleetan zehar. Santio egunez egin ohi dute omenaldia talde horretako kideek, 1512ko uztailaren 25ean sartu baitzen Albako Dukea Sakanan, Nafarroa osoaren konkistarekin jarraitzeko. Gertakari hura oroitzeko eta konkistak segitzen duela salatzeko antolatu dute ekitaldia. Aurten, gainera, berritasunekin dator ekitaldia; Asisko Urmeneta marrazkilariak irakurriko du pregoia, plazan.

Goizean goiz hasiko dute eguna Napar Zuzterrak taldeko kideek. 10:30ean elkartuko dira Perez Arregi plazan, eta bandera eta zapi banaketa egingo dute bertan. Ondoren, Erdikalean barrena plazarantz joango dira, eta han, 11:15 inguruan egingo dute ekitaldi nagusia, Euskal nafartasunari gorazarre lelopean. Bertan, nafar ereserkiaren bertsoa eta jota abestuko dituzte. Behin ekitaldia amaituta, 14:00etan bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean.