Hasi dira Lasaoko oinezkoentzako bidea egiten

Uztarria.eus 2019ko mai. 22a, 19:05

Egunotan hasi dira Lasao auzoaren bi aldeak lotuko dituen oinezkoentzako bidea egiten, Lasaoko tren geltokiaren ondoko Urola trenbidearen ondoan. Bidexkak 250 metro inguru izango ditu, eta GI-631 errepidearen azpian egingo dute, gaur egun zabalik dagoen tunelaren ondoan. Gainera, pasabidea eta trenbidea bereizteko baranda bat ere jarriko dute, baita inguruan beharrezkoa izango den argiztapena ere. Altuna y Uria enpresa ari da lanak egiten, eta hiru hilabete izango ditu horiek gauzatzeko. Obrek 62.653 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe. Azpeitiko eta Zestoako udalek hamabost milana euro jarriko dituzte, eta 30.000 euro Eusko Trenbide Sareak (ETS). 2018ko urriko udalbatzarrean aho batez onartu zuen Azpeitiko udalbatzak hiru erakundeen arteko hitzarmena, eta 2018ko abenduan sinatu zuten akordioa Azpeitiko nahiz Zestoako udalek eta Eusko Trenbide Sareak.

Lotunea eginda, Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunea eginda geldituko da, eta urte luzetako arazoari irtenbidea emango diote erakundeek. Azpeitiko eta Zestoako udalek zein Lasaoko bizilagunek 2015ean eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari auzoaren bi aldeen artean lotunea egiteko, herritarren "segurtasuna bermatzeko". Izan ere, ordura arte errepidearen azpiko trenbidearen ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezkoak eta txirrindulariak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen zati hori 2015eko abuztuan. Neurri hura hartu zutenetik, errepidea gurutzatu behar izaten dute Lasaon alde batetik bestaldera igaro nahi dutenek, eta aldundiak bi seinale jarri zituen gune horretan, 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. Foru erakundeak sasoi hartan azaldu zuen 2016rako edo 2017rako zebrabide bat egingo zuela errepide zati horretan. Bi udalak –gutuna kaleratu zuten– eta Lasaoko bizilagunak –auzo elkarteak sinadura bilketa egin zuen lotunea trenbide ondoko tunelean egitea eskatzeko– ez ziren ados agertu irtenbide harekin.

(Argazkiak: Aitor Bereziartua)