Udarako izango da erabilgarri Lasaoko oinezkoen pasabidea

Uztarria.eus 2018ko abe. 11a, 17:13
Josetxo Mendizabal, Aitor Garitano eta Eneko Etxeberria pasabidea egingo duten lekuan.

Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunea errrepidearen azpian egingo dute. Lanak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten zuten, baina Gabonen ostean esleituko dituzte obrak. Erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi dute proiektuarekin. Hitzarmena gaur sinatu dute Eusko Trenbideak Sareak, Azpeitiko Udalak eta Zestoako Udalak.

Eusko Trenbideak Sareak (ETS) eta Azpeitiko eta Zestoako udalek gaur, asteartea, sinatu dute Lasaoko tren geltokiaren ondoan oinezkoentzako pasabidea egiteko hitzarmena. Lasaoko auzo elkartean izan dira ETSko zuzendari Aitor Garitano, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea, eta erdietsi duten akordioaren bidez, urteetako aferari aterabidea emango diote. Izan ere, Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunea egingo dute. Herritarren segurtasuna bermatu nahi dute Lasao auzoaren bi aldeak lotuko dituen pasabidearekin, gaur egun herritarrek trenbidetik edo errepidearen gainetik igaro behar izaten dutelako eremu horretan.

Trenbidearen ondoan, Lasaoko tren geltokiaren ondoan, egokituko duten bidexkak 250 metro inguru izango ditu, eta GI-631 errepidearen azpian egingo dute, gaur egun zabalik dagoen tunelaren ondoan. Pasabidea eta trenbidea bereizteko baranda bat ere ezarriko dute, baita inguruan beharrezkoa izango den argiztapena ere. Proiektuak 62.653,32 euroko (BEZ gabe) aurrekontua du, eta erdia ETSak ordainduko du; beste erdia Azpeitiko eta Zestoako udalek. Azpeitiko Udalak joan zen urriko udalbatzarrean onartu zuen proiektuaren hitzarmena, eta orduan jakinarazi zutenez, urtearen bukaerarako aurreikusten zuten pasabidea egokituta izatea. Dena den, ETSari dagokio proiektuaren lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapena egitea, eta Garitanok azaldu du Gabonen ostean esleituko dituztela lanak. "Apirilerako hasiko dituzte obrak, eta udararako amaituta izango dira".

Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "albiste oso ona" da akordioa sinatzea: "Erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi dugu, eta pasabidea onura izango da erabiltzaileentzat". Hark gogorarazi du Lasaoko bizilagunak aspaldi hasi zirela bi bideen arteko lotunea egiteko eskatzen, eta esan du hainbat proiektu aztertu dituztela denbora tarte horretan. "Bizilagunek pasabidea errepidearen azpitik egitea eskatzen zuten, baina hainbat proiektutan gainetik egitea proposatzen zen. Gaur egun ere, jendea errepidearen gainetik pasatzen da, eta beti zerbait gertatzeko beldurrez izaten gara", adierazi du alkateak.

Josetxo Mendizabalek ere ildo beretik hitz egin du. Hark esan du arazoari irtenbidea ematea nahi zutela, baina ez dela erraza izan. Haren arabera, "irtenbide logikoaren bila" aritu dira, eta aurkitu dute. "Ikusi dugu alde guztien interesak elkartuta akordioak egitea posible dela. Elkarlanean arituta, gauzak ondo ateratzen dira batzuetan, eta honako hau da adibide horietako bat". Bi udalek egindako lan ona azpimarratu du Aitor Garitanok, eta esan du ETSaren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea dela. "Proiektu honek herritarren segurtasuna du ardatz, eta gainera, ez du kostu altua".

Urteetako afera

Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Lasaoko bizilagunek 2015ean eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari auzoaren bi aldeen artean lotunea egitea, herritarren "segurtasuna bermatzeko". Izan ere, ordura arte errepidearen azpiko trenbidearen ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezkoak eta txirrindulariak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen zati hori 2015eko abuztuan. Neurri hura hartu zutenetik, errepidea gurutzatu behar izaten dute Lasaon alde batetik bestaldera igaro nahi dutenek, eta aldundiak bi seinale jarri zituen gune horretan, 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. Foru erakundeak sasoi hartan azaldu zuen 2016rako edo 2017rako zebrabide bat egingo zuela errepide zati horretan. Bi udalak –gutuna kaleratu zuten– eta Lasaoko bizilagunak –auzo elkarteak sinadura bilketa egin zuen lotunea trenbide ondoko tunelean egitea eskatzeko– ez ziren ados agertu irtenbide harekin.