Lagun Onak futbol taldeak bere eguna ospatuko du zapatuan

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko mai. 22a, 09:29

Egun osorako egitaraua prestatu du futbol taldeak. Goizean, futbol eskolako kideen partidak eta puzgarriak izango dira Garmendipen. Arratsaldean, berriz, Lagun Onakeko gizonen bigarren taldeak mailaz igotzeko azken aukera izango du, etxean Touringen kontra jokatuko duen partidan. Segidan, elektrotxaranga izango da Alde Zaharrean, eta egunari bukaera emateko, 2018-2019 denboraldiaren amaierako afaria egingo dute Lagun Onakeko kideek.

Lagun Onak futbol taldea klubaren 75. urteurreneko ekitaldietan murgilduta dabil urtea hasi zenetik, eta asteburu honetarako beste hitzordu garrantzitsu bat prestatu du taldeak. Hain zuzen ere, Lagun Onak Eguna izango da larunbatean, eta egun osorako ekitaldi ugari antolatu ditu klubak.

Goizean futbol eskolako kideek hainbat partida jokatuko dituzte Garmendipeko zelai artifizialean, eta 10:00etan, txupinazoa botako du Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidenteak. Eguerdira bitartean, puzgarriak jarriko dituzte zelai artifizialaren aurreko aparkalekuan, eta nahi duen orok izango du horietan ibiltzeko aukera.

Arratsaldean hitzordu garrantzitsua dute Lagun Onakeko zaleek; izan ere, Gorengo Mailako gizonen taldeak igoera faseko itzulerako partida jokatuko du Garmendipe futbol zelaian. Touring taldea izango du aurrez aurre gizonen bigarren taldeak, eta joaneko norgehiagokako banakoarekin, partida irabaztea edo 0-0 berdintzea komeni zaio Lagun Onaki. Klubak zale guztiei 16:15erako Garmendipera joateko deia egin die; 16:30ean hasiko da neurketa.

Partida bukatzean, 19:00 aldean, Orkestra elektrotxaranga hasiko da kalean giroa alaitzen. Perez Arregi plazan hasiko dute emanaldia, eta handik plaza ingurura joango dira musikariak. Izan ere, Lagun Onakek Ohorezko Erregional Mailara igotzea lortzen badu, Udalak harrera egingo dio taldeari. Elektrotxarangak 21:00 ingurura arte eskainiko du emanaldia.

Lagun Onakeko jokalariek, entrenatzaileek eta kideek Kiruri jatetxean segituko dute festarekin; izan ere, han egingo dute 2018-2019 denboraldiaren bukaerako afaria. Afalostean, urteroko sari banaketa egingo dute klubeko ordezkariek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu