Añares Riojak ez du mailaz igotzerik lortu

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko api. 28a, 16:25

Hiru partidetatik bi galdu ondoren, Iraurgi saskibaloi klubeko emakumezkoen talde nagusiak ez du gaurko finalerdira sailkatzerik izan.

Añares Rioja taldea, igoera faseko partida batean. (Iraurgi SB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iraurgi saskibaloi klubeko Añares Rioja taldeak eskura izan du Espainiako maila gorenera igotzeko txartela, baina azkenean ez du lortu. Emakumezkoen talde nagusiak Kanariar Uharteetan jokatu du igoera fasea, eta hiru partidetatik bi galdu ondoren, ezin izan dute gaurko finalaurrekoetara sailkatzerik izan. Hori hala, hurrengo denboraldian ere LF2 mailan lehiatuko da taldea.

Añares Riojak ligaxka moduan jokatu ditu igoera faseko hiru neurketak joan zen ostegunaz geroztik, eta honako talde hauek izan ditu aurrez aurre: Patatas Hijolusa, Campus Promete eta ISE CB Almeria. Ostegunean, ISE CB Almeria taldearen aurka 67 eta 68 galdu zuten Azkoitiko eta Azpeitiko jokalariek, Almeriako taldeak luzapeneko azken segundoan hirukoa saskiratu ondoren; hurrengo egunean, berriz, 59 eta 84 galdu zuten Campus Promete taldearen aurka. Hirugarren norgehiagoka irabazi zuen taldeak, Patatas Hijolusa 79-81 mendean hartu eta gero. Ordea, ordurako aukera guztiak agortuta zituen Añares Riojak, eta puntuak batuta, ezin izan dute finalerdira sailkatu.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu