Iraurgi SBko Añares Rioja taldea, igoera faserako prest

Uztarria.eus 2019ko api. 24a, 17:15

Iraugi SBko emakumezkoen talde nagusiak Espainiako LF2tik maila gorenera igotzeko txartela eskura du. Hori lortzeko, igoera faseko partidak jokatuko ditu bihartik larunbatera bitartean. Igandeko finalaurrekoetara iristea edota mailaz igotzea "zaila" izango dutela uste badute ere, kantxan "lan txukuna" egiteko prest dira Azkoitiko eta Azpeitiko jokalariak.

Iraurgi saskibaloi klubeko Añares Rioja taldea igoera faserako sailkatu zen hilaren 14an, Hijolusa taldea mendean hartu eta gero. Taldeak bihartik zapatura bitartean jokatuko ditu Espainiako LF2tik maila gorenera igotzeko txartela lortzeko partidak Kanariar Uharteetan, eta klubeko emakumezkoen talde nagusia prest da lehiarako.

Sailkapeneko hirugarren postuan dago Añares Rioja taldea, eta igoera fasera sailkatu diren taldeek bi multzotan banatuta jokatuko dituzte norgehiagokak. Bigarren multzoan da ISBren taldea, Azkoitiko eta Azpeitiko neskek multzo horretako honako talde hauek izango dituzte aurrez aurre datozen egunetan: Patatas Hijolusa, Campus Promete eta ISE CB Almeria. Ligaxka moduan jokatuko dituzte hiru egunetako partidak, eta sailkapenaren aurreneko bi postuetan geratuz gero, finalaurrekoan izango dira, igandean. Taldeko entrenatzaile Luis Agirrek datozen norgehiagoken aurreikuspena egin du, eta hark uste du Errioxako Campus Promete taldearen aurkakoa izango dela bailarako neskek parez pare izango duten partidarik zailena, taldea "indartsu" dagoelako.

Mailaz igotzeko aukerei dagokienez, zuhur da entrenatzailea, eta hark adierazi du, Añares Rioja taldeak "zaila" izango duela horretarako txartela eskuratzea. "Lau egun jarraian partidak jokatzeak asko nekatzen du, eta hori antzeman egiten da jokalariengan. Gure asmoa da hasierako ligaxkan aurpegia ematea, eta ikusiko dugu igandeko finalaurrekoetara iristen garen edo lehenago itzultzen garen etxera". 

Gertatzen dena gertatzen dela ere, taldea dagoeneko "gustura" da igoera fasera heldu delako, eta han lehiatzeko aukera izatea "oparia" dela azpimarratu du entrenatzaileak: "Denboraldian lan gogorra egin dugu, eta horren emaitza da igoera fasera iritsi izana. Orain, gure asmoa da partida guztietan lehiatzea eta lan txukuna egitea", gaineratu du.