Udal hauteskundeetako hautes-zerrenda aurkeztu du Azpeitiko EH Bilduk

Uztarria.eus | Politika
2019ko api. 5a, 10:05

Koalizioak aho batez onartu du haren oinarriek egindako proposamena. Nagore Alkorta zerrendaburuaren hitzetan, "ilusioa eta esperientzia" dira taldearen ezaugarri nagusiak.

Atzo, osteguna, egin zuen EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetako hautes-zerrenda onartzeko batzarra, eta koalizioko oinarriek aho batez onartu zuten hara eramandako proposamena. Nagore Alkorta Azpeitiko EH Bilduren zerrendaburuak adierazi duenez, osatu duten taldearen ezaugarri nagusiak "ilusioa eta esperientzia" dira, eta "lanerako zein harremanetarako talde ezin hobea" dela azpimarratu du. "Azpeitia oso ondo ezagutzen duten pertsonak ditugu taldean, esparru, adin eta sentsibilitate desberdinetakoak. Modu batera edo bestera, herrigintzan aritu diren bizilagunak bildu ditugu, eta horrek gure herriaren ikuspegi zabala ematen digu. Gainera, gutako askok barrutik ezagutzen ditugu erakundeak. Osatu dugun taldea berme bat da: Azpeitia aldatzen jarraitzeko bermea, eta herria hobetzeko bidean jauzi bat emateko bermea".

Azpeitiko egungo Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren hainbat ordezkarik osatuko dute datozen udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda, hala nola Josu Labakak, Aitor Bereziartuak, Leire Goenagak, Agustin Lizarraldek eta Ainara Larrañagak. Ildo horretan, alkategaiak adierazi du udalean "lan asko" egin duten eta hango kudeaketan "pisua" izan duten pertsonak direla horiek: "Azken urteetan erabakigarriak izan diren hainbat pertsonak jarraituko dute gurekin, udal kudeaketatik haragoko erakundeetan ere ardura postuak izan dituztenak, mankomunitateetan eta abar. Sostengu garrantzitsua izango dira eguneroko lanean". Bestalde, lan taldeari "aire berria" emango dion "gaitasun handiko" eta "energiaz betetako" jendea ere zerrendan badagoela gaineratu du Alkortak. "Oso gustura nago osatu dugun ekipoarekin, konfiantza handia ematen dit; eta hauteskundeen erronkari indar handiarekin heldu diogu dagoeneko", nabarmendu du.

Honako hau da Azpeitiko EH Bilduk udal hauteskundeetarako osatu duen hautes-zerrenda:

  1. Nagore Alkorta Elorza.
  2. Josu Labaka Zuriarrain.
  3. Eneritz Albizu Lizaso.
  4. Aitor Bereziartua Larrañaga.
  5. Leire Goenaga Uzkudun.
  6. Agustin Lizarralde Odriozola.
  7. Ainara Larrañaga Irulegi.
  8. Mikel Odriozola Arakistain.
  9. Idoia Arrizabalaga Aldalur.
  10. Egoitz Arruti Uria.
  11. Nerea Illarramendi Zubimendi.
  12. Ismael Ruiz de Argandoña Arzallus.
  13. Arantxa Oñederra Vergara.
  14. Aitor Letamendia Portalo.
  15. Lorea Aizpuru Arozena.
  16. Joxe Mari Iturria Egaña.
  17. Olatz Izagirre Sarasti.
  18. Haritz Arakistain Valverde.
  19. Aiora Etxeberria Iturralde.
  20. Ander Larrañaga Zinkunegi.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2019-04-05 : 21:14

Baga biga higa
Laga boga sega
Zai zoi bele
Harma tiro pun

gurasobat | 2019-04-06 : 15:15

Koalizioko oinarriok aho batez onartu duzue Zezenbeltzen izenean hamar urtez aurpegian ematen egon dena maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrendan zortigarren izateko? Benetan?

Erabiltzailearen aurpegia da hau Enekoitz Esnaola | 2019-04-06 : 15:43

Animo EH Bilduko zerrendakide denei, baita EAJtik aurkeztuko diren zerrendakide denei ere, herritarren babesa eskatu eta norberaren taldearen ideiak udaletik aurrera eramateko pausoa emateagatik, eta animo, aldi berean, GURASOBAT bezalako anonimo koldar bat aguantatu beharra izateagatik.

Azpeitian aspalditik askoren eta askotarikoen artean kultura politiko bat garatzen ari gara, eta, alde horretattik, jende bat seinalatzen duten anonimo digitalak sobran daude.

gurasobat | 2019-04-06 : 16:21

Barkatuko didazu Enekoitz baina sokamuturraren kontu honek bereziki ukitzen nau, are gehiago astelehenean bost urteko umeak, gure seme-alabak izan zitezkeenak, sokamuturraren argazki lehiaketako erakusteta ikustera jon zirela jakinda. Ez daukat maila pertsonalean inorekin inolako arazorik baina "norberaren taldearen ideiak udaletik aurrera eramateko pausoa emateagatik" sokamuturra sustatzen jarraitu behar badute arrakala bat sortzeko zorian gaude.

Atari honetako arauren bat hautsi badut "anonimo koldar bat" izateagatik ezabatu ezazue lasai asko nere iruzkina.

Erabiltzailearen aurpegia da hau Enekoitz Esnaola | 2019-04-06 : 18:34

Kaixo, GURASOBAT. Edozer gairen kontra azaldu daiteke edonor, nola ez. Baina anonimotasunetik jende bat akusatzea ez da zilegi. Web honetako arauak ondo asko ezagutuko dituzu, behin baino gehiagotan hartu duzulako parte iruzkinak eginez.

Berriro diot: Azpeitian aspalditik askoren eta askotarikoen artean kultura politiko bat garatzen ari gara, balio jakin batzuekin, eta hori garatzeko alor bakoitzean aldeko eta kontrako iritziak plazaratzea sanoa da, aberasgarria ere bai, baina kultura politiko hori eraikitzeko zilegi ez dena da anonimotasunetik jendea akusatzea.

gurasobat | 2019-04-10 : 19:17

Ados nago Enekoitz, anonimotasunetik jendea akusatzeak ez du lekurik atari honetan kontrako iritzia plazaratu nahi izan arren. Nere akatsa norbanakoa orain arte ordezkatu duen elkartea eta beraien jardunarekin nahastea izan da. Inpultsiboki atera zitzaidan sokamuturraren sustapenarekin hain lotutako jendea udalean irudikatu eta haserretzea. Barkamen zintzoenak zuretzat ere.

Kalbariojoxe | 2019-04-12 : 12:48

…eta infernuko oinazeetan zigortu nazakezulako. Zure Jainko graziaz lagunduta asmo sendoa hartzen dut berriz ere pekaturik ez egiteko, aitortu eta pekatuen ordaina betetzeko. Amen.

baigizona | 2019-05-03 : 23:18

Anonimoen kontra egotea gauza handia eta ezinbestekoa da gure kultura demokratikoan. Txalogarria. Aitortu beharra dago Uztarriak ekarpen neurrigabeak egin izan dituela anonimo kontuetan. Zergatik ez Uztarriako anonimoen antologia bat? Noski Enekoitz Esnaola maisuaren hitzaurre landu batekin. O tempora! O mores!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu