Bizkaiko dantzak eta doinuak, Soreasu antzokira

Uztarria.eus 2019ko api. 4a, 15:34
Azkoitian eskaini zuten 'Bizkaia' ikuskizuneko irudi bat. (Urola Kostako Hitza)

Sahatsa dantza taldeak, Azketa ahots taldeak, Julian Barrentxea abesbatzak eta Udal Musika Bandak Bizkaia, arbasoen baratzean musika eta dantza uztartuko dituen emanaldia eskainiko dute zapatuan, Soreasu antzokian. Doakoa izango da ikuskizuna, eta 21:30ean hasiko da. Uztarria.eus-ek Juan Luis Lizabe Sahatsako kidearekin hitz egin du ikuskizunaren inguruan. Bizkaia emanaldia 2017an estreinatu zuten Sahatsak, Iraurgi abesbatzak eta Musika Bandak Azkoitian. "Moldaketa batzuk" eginda, agertokira ateratzeko prest dira musikariak, dantzariak eta abeslariak.

Dantza eta musika. Musika eta dantza. Horiexek uztartuko dituzte etzi, zapatua, Sahatsa dantza taldeak, Azketa ahots taldeak, Julian Barrentxea abesbatzak eta Udal Musika Bandak Soreasu antzokian. Izan ere, Bizkaia, arbasoen baratzean ikuskizuna eskainiko dute talde horiek guztiek elkarlanean. Ehun bat abeslari, musikari eta dantzari izango dira agertokian, eta horiek denak duela hilabete zenbait hasi ziren ikuskizuna prestatzen. Entsegu orokorrak, berriz, egunotan ari dira egiten: asteartean egin zuten aurrena, eta gaur egingo dute bigarrena eta azkena. Gaur iluntzetik aurrera, beraz, dena prest izango dute zapatuko 21:30erako: sarrera doakoa izango da.

Juan Luis Lizabe (Azkoitia, 1958) Sahatsa dantza taldeko kideak azaldu duenez, ikuskizuna "laburra" da, 45 minutu ingurukoa. Dena den, haren arabera, motza izanagatik, kontuz aukeratutako eta ondo landutako obrek osatzen dute ikuskizuna. Gainera, hark adierazi duenez, saioaren hasiera eta bukaera "oso indartsuak" dira, forma estetikoa asko "zaindu eta landu" dutelako. "Ezpata dantzarien kapitaina eta kutxa gaineko dantzaria hartu ditugu saioari indarra emateko, eta uste dut oso polita geratu dela. Okurrentzia horixe izan genuen, aurretik ez genuen sekula inon halakorik ikusi, baina konbinazio polita gelditu da".

Izenaren jabe da emanaldia; izan ere, Bizkaiko doinuak eta dantzak eramango dituzte agertokira Azkoitiko eta Azpeitiko musikari, abeslari eta dantzariek. "Ikuskizuna Bizkaiari eskaintzea erabaki genuen 2015ean. Ez dute obra askok osatzen emanaldia, baina kontu handiz aukeratutakoak dira entzun ahal izango direnak. Musikagile ezagunen kantak aukeratu ditugu, hala nola Pablo Sorozabalenak eta Jesus Guridirenak, baina baita abesti herrikoi batzuk ere. Ikuskizuna Benito Lertxundiren Bizkaia maite abestiaren moldaketarekin bukatuko da". Dantza muntaia egiterakoan ere, Bizkaiako dantza tradizionalak berreskuratu dituzte: "Gainera, horietako batzuk moldatu egin ditugu, eta horiek ere ikusi ahal izango dira". Arbasoei ere egingo diete keinua, izenburuak dioen moduan; izan ere, Aita San Antonio abestiaren doinuarekin arbasoek egiten zituzten lanak irudikatuko dituzte dantzariek.

Sahatsarentzat ez da sortu berria ikuskizuna; hain zuzen ere, 2017ko azaroan taularatu zuen Bizkaia, arbasoen baratzean lana Azkoitiko Baztartxo antzokian, Azkoitiko Musika Bandarekin eta Iraurgi abesbatzarekin batera. Urte eta erdi inguru pasatu da ordutik, eta Sahatsakoek hasiera-hasieratik zuten ideiari jarraituz, Azpeitian eskainiko dute emanaldia etzi. "Azkoitian oso harrera ona izan zuen ikuskizunak, Baztartxo bete egin zen, eta jendeari asko gustatu zitzaion saioa", azaldu du Lizabek. Azpeitiko emanaldirako moldaketa batzuk egin dituztela aurreratu du hark: "Oinarria berbera da, baina Azkoitiko emanalditik gauza batzuk hobetu ditugu. Gainera, Azkoitiko saio hartan eskaini ez genuen Sorozabalen pieza bat ere entzun ahal izango da bandaren eta abesbatzaren eskutik". Sahatsak joan zen urtean nahi zuen Bizkaia ikuskizuna Azpeitian eskaintzea, baina agenda kontuak tarteko, aurtengorako uztea erabaki zuten parte-hartzaileek. "2018ko abenduan hasi ginen bilerak egiten, proposamenak jasotzen, eta harrezkero lanean aritu gara".

Ikuskizun berria, bidean

30 urtetik gora dira Sahatsa, Azkoitiko Musika Banda eta Iraurgi abesbatza ikuskizunak elkarlanean eskaintzen hasi zirela San Andres jaien bueltan. Bizkaiaren aurretik, Nafarroa, Bideko sentipenak, Kondairaren oihartzunak eta Bidasoa eta Bardeak ikuskizunak eskaini zituzten. Lizabek azaldu duenez, orain dela hamarkada batzuk Azpeitian ere egin zituzten emanaldi horietako batzuk "solte", baina gero "etena" izan zen. "Berreskuratu genituenetik, hiru bat emanaldi eskaini ditugu Azpeitian, bi urtez behin".

Hurrengo emanaldia prestatzen hasia da dagoeneko Sahatsa dantza taldea; lana "aurreratuta" dutela esan du Lizabek. Pirinioak bi aldetara izango da ikuskizunaren izenburua, eta hark adierazi duenez, hainbat gai landuko dute bertan: "Orreagako guda; Erronkaritik barrena, Lapurdira joango gara Bidasoatik pasatuta; eta handik Zuberoara egingo dugu jauzia. Hain zuzen ere, Bernard Goihenetxe Matalazen istorioa errepasatuko dugu". Hainbat musikagile aukeratu dituzte ikuskizun berrirako, besteak beste, Julian Gaiarre eta Michel Ravelli. Gaur-gaurkoz, ikuskizun berriari "forma" ematen ari direla aurreratu du Sahatsako kideak, eta hark esan du aurki hasiko direla Azkoitiko bandarekin eta abesbatzarekin lanean, aurtengo San Andres festetan taularatu nahi dutelako emanaldia herrian. "Taldeei ondo datorkienean, datorren urtean edo datorrenean, gustatuko litzaiguke saioa Azpeitian ere errepikatzea".