Brigadako lanpostuen oposizio-lehiaketako azken azterketa egiten ari dira Esklabetan

Uztarria.eus 2019ko api. 3a, 19:47

Azpeitiko Udalaren brigadan denetariko lanak egiteko lehen mailako ofizialen lau lanpostutarako oposizio-lehiaketaren barruko azken azterketa egiten ari dira gaur, asteazkena, Esklabetako eraikinean. Gaurkoa oposizio lehiaketako hirugarren eta azken proba da, eta aurrez izandakoak ez bezala, gaurkoa azterketa praktikoa da. Udalak azaldu duenez, deialdian izena eman eta onartuak izan ziren 157 lagunetatik 52 iritsi dira azken probara. Goizean ekin diote gaurko azterketari, eta hamar txandetan egin dituzte probak.

Udalak uda aurretik jarri zuen martxan herriko brigadan denetariko lanak egiteko lanpostutarako oposizio-lehiaketa. Guztira, 165 lagunek eman zuten izena deialdian, eta horietatik 159 onartu eta 6 baztertu zituen erakundeak, behin-behineko zerrendan. Azaroaren 15ean egin zuten brigadako lanpostuen oposizio-lehiaketarako aurreneko azterketa teorikoa, eta orduko hartan ehundik gora lagun aurkeztu ziren probara. Ondoren, azterketa hori gainditu zutenek hizkuntza eskakizuna frogatu behar izan zuten prozesuan aurrera egiteko. Gaurko azterketa praktikoa gainditzen duten herritarren artean merituen balorazioa egingo du Udalak, eta horren ostean esleituko dituzte brigadako lanpostuak.