Brigadako lanpostuen oposizio-lehiaketarako aurreneko azterketa egin dute ehundik gora lagunek

Uztarria.eus 2018ko aza. 15a, 13:29

Azpeitiko Udalaren brigadan denetariko lanak egiteko lehen mailako ofizialen lau lanpostutarako oposizio-lehiaketaren lehen azterketa egin dute gaur, osteguna, 120 lagun baino gehiagok Izarraitz pilotalekuan. Azterketa 10:30ean hasi da, eta probara aurkeztu diren herritarrek 90 minutu izan dituzte 50 galderez osatutako test formatuko azterketa egiteko. 

Udalak uda aurretik jarri zuen martxan herriko brigadan denetariko lanak egiteko lanpostutarako oposizio-lehiaketa. Guztira, 165 lagunek eman zuten izena deialdian, eta horietatik 159 onartu eta 6 baztertu zituen erakundeak, behin-behineko zerrendan. Udalak jakinarazi duenez, azkenean 160 herritarrek izan dute gaurko azterketa egiteko aukera. 

Oposizio lehiaketako lehen proba gainditzen dutenek baina hizkuntza eskakizunaren ziurtagiririk aurkeztu ez dutenek, hizkuntza eskakizunaren ziurtagiria atera beharko dute brigadako lanpostua eskuratu ahal izateko. Behin hori eginda, oposizio-lehiaketaren azterketa praktikoa egin beharko dute. Udalak aurreratu zuenez, urte amaiera aldera izango da oposizio-lehiaketaren azterketa praktikoa. Proba guztiak gainditzen dituzten herritarrek merituen balorazioa egiteko dokumentazio aurkeztu beharko dute oposizio-lehiaketaren prozesuarekin bukatzeko. Hori egin ostean osatuko du Udalak behin betiko oposizio lehiaketako lan poltsa.