Iraurgi Ikastetxeko jolas parke berria, erabilgarri

Uztarria.eus 2019ko mar. 26a, 12:57

Joan zen ostiralaz geroztik, erabilgarri da Iraurgi Ikastetxearen jolastokiko haur parke berria. Txikienekin pentsatuta egokitu du Udalak parkea Betharram eraikinaren atarian, Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez. "Iraurgi Ikastetxeko ataria kirolgunea izan da orain arte, baina behar berriak identifikatu ostean, elkarlanean aritu gara jolastokia eraldatzeko lanetan". Ildo beretik hitz egin du Aitor Cordoba Iraurgi Ikastetxeko zuzendariak ere: "Eraikina berritu denetik, bertan daude ikastetxeko ikasle txikienak ere. Lehengo jolaslekua haientzat gogorra zenez, xamurtzea nahi izan dugu. Hortik abiatuta, guraso, ikasle, irakasle eta komunitate osoak parte hartu dugu parkearen diseinuan". Udalari eskerrak eman dizkio Cordobak, beren "beharrak entzuteagatik" eta horiei erantzuteko eskainitako "elkarlanagatik".

Parkea egunerokoan ikastetxeko ikasleek erabiliko badute ere, ikas orduetatik kanpo erabilera publikoa izango du. Hain zuzen ere, egunero herritar guztientzat zabalik izango da 17:00etatik aurrera, eta irekita egongo da asteburuetan.

Herriko gainerako ikastetxeetako jolastokiekin ere gauza bera egin du Udalak; izan ere, dagoeneko berrituta daude Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko jolastokiak, baita Uztaro Haurreskolakoa ere. Udalak esan duenez, azken urteotan hezkuntzan ematen ari diren aldaketa pedagogikoei eta horren ondorioz sortutako beharrei erantzuteko asmoz eraldatu dituzte jolastokiak.