Alaitz Aizpuru ikerlaria Txillardegiren testuen hautaketa egiten ari da, Dabilen Pentsamendua bildumarako

Uztarria.eus 2019ko ots. 7a, 13:14
Alaitz Aizpuru 'Laboaren begiak' liburuxkaren aurkezpenean.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenak egindako ekarpen poliedrikoari aitortza egingo diote Korrikak, Jakinek eta EHUk. Haren biografia bat, filma, omenaldia eta testu hautatuak aurkeztu dituzte, eta Dabilen Pentsamendua bildumako lehen hiru aleetako testuak azpeitiar ikerlariak hautatu ditu. Hurrengo hiru aleetarakoak ere berak aukeratuko ditu. Berria egunkariak Aizpururekin hitz egin du, eta Aizpuruk Txillardegi bezalako "intelektual propioen" beharra azpimarratu du.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren (Donostia, 1929-2012) ekarpen poliedrikoari aitortza egingo diote Korrikak, Jakinek eta EHUk, eta haren biografia bat, filma, omenaldia eta testua hautatuak aurkeztu zituzten atzo, asteazkena, Donostian. Dabilen Pentsamendua bildumaren barruan, Txillardegiren testu hautatuen lehen hiru aleak aurkeztu zituzten atzokoan –Euskara batua, Nazio auzia eta Hizkuntzaren filosofia–, eta bildumako lehen hiru aleetarako testuen hautaketa Alaitz Aizpuru Joaristi (Azpeitia, 1983) ikerlariak egin du. Datozen hiru aleetarako testuak ere azpeitiarrak aukeratuko ditu.

Berria egunkariak Aizpururekin hitz egin du, eta Txillardegiren ekarpenaz galdetuta, "Txillardegi gabe gaurko Euskal Herria, alderdi askotatik begiratuta, beste bat" lizatekeela azaldu du azpeitiarrak. Euskararen egoera, esaterako, "ziurrenik askoz ere prekarioagoa" litzateke, eta euskararekin lotuta, euskal kulturaren aldaera desberdin askoren egoera ere ez litzateke bera. "Txillardegi gabe, euskal pentsamenduak izan duen bilakaera beste bat litzateke". Gaurko Berria egunkarian nahiz Berria.eus-en irakur daiteke Amagoia Gurrutxaga kazetari azpeitiarrak Txillardegiren inguruko lanez egin duen erreportajea, tartean Aizpuruk egin duen lanaz kazeta horri emandako azalpenak.

Aizpuruk hainbat ikerketa lan egin du, eta horietako bat joan zen abenduan aurkeztu zuen Azpeitian. Izan ere, Laboaldiaren barruan, Laboaren begiak izeneko liburuxka aurkeztu zuen jendaurrean. Azpeitiarrak Laboaren kantugintza "bere osotasunean" aztertu zuen liburuxka egiterakoan, eta horren gaineko iritziak eta ondorioak bildu zituen bertan.