Denentzat beude sarrerak

Uztarria.eus 2019ko ots. 5a, 15:19
Ilara luzea sortu da Sanagustin atarian.

Berri Txarraken etenaldiaren aurreko Ikusi Arte Tour 2019 birako kontzerturako sarrerak lortzeko odisea Azpeitira ere iritsi da. Ehundik gora lagun daude Sanagustin kulturgunearen atarian 17:00ak noiz iritsiko zain; izan ere, ordu horretan jarriko dituzte salgai taldeak Azpeitiko Sanagustin kulturgunean otsailaren 21ean eskainiko duen kontzerturako sarrerak. Ilaran diren diren hainbat lagunekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Aski jakina da Berri Txarraken agurra preziatua izango dela; izan ere, taldeak etenaldiaren aurreko Ikusi Arte Tour 2019 bira iragarri zuenetik, ehunka eta ehunka dira sarrerak lortzeko direnak eta ez direnak egin dituzten zaleak. Taldeak Iruñeko Navarra Arenan eskainiko duen azken kontzerturako sarrerekin harrabotsa sortu zen; ordu gutxian saldu ziren sarrerak eta horiek eros zitezkeen webgunea erori egin zen. Sarrerarik gabe gelditu ziren hainbat eta hainbat zale, eta beste kontzertu bat iragarri zuten, bezperarako: harako sarrera denak ere salduta daude.

Euskal Herrian datozen bi hilabeteetan kontzertu bira txiki bat egingo duela iragarri zuen atzo Berri Txarrakek: Beude. Eta tartean Azpeitian egingo du geldialdia taldeak; hain zuzen ere, otsailaren 21ean, ostegunez, Sanagustin kulturgunean eskainiko du kontzertua. Emanaldi horretarako sarrerak gaur, asteartea, 17:00etan jarriko dituzte kulturguneko leihatilan, baina goizerako hainbat zale hasi da ilara egiten udaletxearen azpian. 14:00etarako, ehundik gora lagun zeuden ilaran; plazako farmaziatik gora iristen zen lagun multzoa.

Ilara horretan aurrena zestoarra da, Maialen Larrarte. 09:30ak alderako joan da Sanagustin atarira: "Berez, 14:00ak alderako etortzeko asmoa nuen, baina gauean ikusi nuen jendea sarrerak lortzeko gaupasa egiten ari zela batean eta bestean, eta lehenago etorri naiz". Larrartek azaldu duenez, oporretan dago, eta horregatik izan du goiz bertaratzeko aukera. "Ez dut ezer albo batera utzi beharrik izan, behintzat", azaldu du. "Ama zen bokata ekartzekoa eguerdian, baina Hernaniko lagun batzuekin elkartu naiz ilaran, eta otartekoa taberna batean eskatu dugu". Iruñerako sarrerarik gabe gelditu zen zale horietako bat da zestoarra, eta orain gustura dago, Azpeitian behintzat ikusi ahal izango duelako hainbeste gustatzen zaion taldea.

Sanagustin atariko ilaran bada "mesedea egitera" joandakorik ere. Izan ere, bat baino gehiago dira seme-alabentzat sarrerak erosteko ilaran orduak pasatu dituzten gurasoak. Horietako bat da Migel Zendoia. Goizean, Matxinbentara joatekoa zen hamaiketakoa egitera, baina alabak mesedea eskatu dio, eta... "Donostian bizi da alaba, eta Berri Txarraken kontzerturako irrikaz zegoen. Sarrerak erostera bertaratzeko eskatu zidan, eta txintxo-txintxo etorri naiz", adierazi du. 11:00ak aldean pasatu da kulturgunearen ataritik, eta 12:30ean, bazkalduta itzuli da ilaran gelditzeko asmotan: "Lauzpabost ordu ez dizkit inork kenduko, baina gustura nago, entretenituta, jendearekin hizketan". Taldeaz "ezer gutxi" dakiela dio Zendoiak, baina 70 urterekin probatu du Euskal Herriko talderik entzutetsuenetako baten sarrerak eskuratzeko ilaran egotea zer den.

Liburutegian zegoela ilara sortzen ari zela jakin, trasteak bildu, eta Sanagustinera joan den gazte horietako bat da Irene Larrañaga. "Lasai joan naiz goizean liburutegira, baina ilara zegoela esan didatenetik, ezin izan dut lanik egin", esan du. Ordenagailu eta guzti joan da ilarara, eta han jarraitu du masterreko lanak egiten: "Asko gustatzen zait Berri Txarrak, eta hau ez dago galtzerik", adierazi du, sarrerak lortuko dituen ziurtasun ia osoarekin; izan ere, 54.a da ilaran Larrañaga.

Mireia Galarzak eta Iñaki Azpillagak 20 eta 15 urte dituzte, eta ilaran dira biak ere. Galarza 11:15 alderako bertaratu da, eta Azpillaga geroago, 13:30 aldean. Etxetik irten eta ilara ikusi du Galarzak, eta bertan geratzea erabaki ostean, amak bazkaria eta aulkia eraman dizkio: "17:00ak arte egoteko zerbait beharko dugu!". azaldu du barrez. Azpillaga, aldiz, eskolatik bueltan batu da ilarara. "Whatsapp-ez abisatu dit lagun batek jendea bazela Sanagustinpean, eta eskolatik irten, bazkaldu, eta bertara etorri naiz. Dena den, gero eskolara joan behar dut, eta aita etorriko da erreleboa egitera".

Sarrerak lortuko dituzte 500 lagunek, eta beste askok, ziurrenik ez, baina izango da oraindik taldea ikusteko aukerarik. Ilaran dauden gazteek eta ez hain gazteek, behintzat, izango ahal dute taldea zuzenean ikusteko paradarik. Gutxienik, eguerdi partean, taldeak tragoa atera die kulturgunearen atarian ilaran diren lagun guztiei.