Gurutz Ansola hil da

Uztarria.eus 2019ko ots. 2a, 11:10
Gurutz Ansola artxiboko irudi batean. (Amarauna.org)

Atzo hil zen 94 urterekin. Lege eta Ekonomia Zientzietan lizentziaduna, politikaren munduan ibili zen hainbat urtez. Bi saikera liburu kaleratu zituen, eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioko presidente izan zen. Uztarriak ohorezko bazkide izendatu zuen 2005ean, euskararen alde egindako lana aitortuz. Hileta elizkizuna, astelehenean, Donostian.

Gurutz Ansola poltikari izandakoa hil zen atzo, ostirala, 94 urte zituela. Azpeitiarra eusko legebiltzarkide izan zen 1980 eta 1987 urteen artean, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, 1987-1991 urteen artean. Diktadura eta gero, EAJn hasi zuen ibilbide politikoa azpeitiarrak, baina 1986an utzi egin zuen alderdi hori; EAren sorreran parte hartu zuen Carlos Garaikoetxearekin batera.

Lege eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen azpeitiarra, eta ekonomia gaiez euskaraz idazten aitzindaria izan zen. Egan, Zeruko Argia nahiz Jakin aldizkarietan idatzi izan zuen, eta zinema eta antzerki kritikak ere egin izan zituen. Hainbat saiakera liburu ere argitaratu zuen azpeitiarrak: Euskal Herriko ekonomiaz 1955-1967 (1971, Etor-Gero) eta USAren agintaritza eta dolarraren ahulezia (1972, Gero).

Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehenengo presidentea ere izan zen azpeitiarra 1969tik 1971ra, eta ikastolen mugimenduan parte hartu zuen. Ikasle garaian, berriz, Ekinen sorreran aritu zen Ansola, kultura arloan.

Euskararen alde egin duten lana aitortuz, Ansola ohorezko bazkide izendatu zuen Uztarria Kultur Koordinadorak 2005eko uztailean. Gainera, Ansolari elkarrizketa luzea egin zion Enekoitz Esnaolak 2005eko uztaileko aldizkarian.

Donostian bizi zen aspalditik, eta han izango da hileta elizkizuna, etzi (astelehena), 19:30ean, San Vicente parrokian.

Ansolaren heriotza dela eta, Eusko Alkartasunak honako mezu hau idatzi du Twitterren: