Mila Altuna: "Askotan diot gertuen dudan biloba dela Gorka"

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 17:10
Mila Altuna, Gorka Fernandezekin hizketan.

San Martin egoitzako egoiliarrak hartu-eman berezia egin du euskaraz trebatzen ari den Gorka Fernandez barakaldarrarekin. Ane Olaizola kazetariak 2019ko urtarrileko Uztarria aldizkarirako (212. zenbakia) Altunari egindako elkarrizketa da honako hau. 

Zer dela-eta hasi zinen Mintzanet programan parte hartzen?

Duela hiruzpalau urte, psikologoak eman zidan programaren berri, eta probatu nezan proposatu zidan. Horixe egitea pentsatu nuen, eta erabaki nuen mintzalagun bezala hastea, probatze aldera. Hasieratik oso gizon jatorra eta irekia iruditu zitzaidan Gorka, eta orduan, pentsatu nuen programarekin jarraitzea. Sevillara bizitzera joandako barakaldarra da Gorka. Euskaldunberria da, eta euskararekin harremana izaten jarraitu nahi zuen Sevillan. Orduz geroztik, Gorkarekin izugarrizko harremana egin dut.

Mintzalaguna zara. Zein da zure egitekoa?

Hamabostero, ordu erdiz hitz egiten dugu Internetez. Horixe da kontua: euskaraz hitz egitea. Edozer gairi buruz hitz egiten dugu. Familiaz, bakoitzaren bizimoduaz... 23 urtez bizi izan nintzen Kanadan, eta hango bizipenak ere kontatzen dizkiot. Gainera, dagoeneko ezagutzen dut bere familia, eta senideez ere hitz egiten dugu.

Harreman berezia egin duzu Gorkarekin, eta haren bisitak ere jaso dituzu, ezta?

Bai. Gorka eta bere familia Barakaldora joaten direnean, ahal duten guztietan etortzen dira ni bisitatzera. Gorka bizpahiru aldiz etorri da dagoeneko. Etortzen direnean, eguna pasatzen dugu elkarrekin, eta oso etxeko giroan egoten gara.

Zertarako aukera eman dizu Mintzanet programan parte hartzeak?

Senidetzat dut Gorka. Askotan diot gertuen dudan biloba dela bera, seme-alabak, ilobak zein bilobak Kanadan baititut. Poz handia ematen dit daukagun harremanak, eta asko maite dut Gorka. Programan parte hartzen hasi zenetik, hobeto hitz egiten du euskaraz, eta nik izugarri irabazi dut esperientziarekin.

Inoiz pentsatu al duzu mintzalagun izateari uztea?

Berak hala nahi badu, mintzalagun izaten jarraitzeko asmoa dut. Lagun handia dut, eta nola utziko dut, bada? Mintzaneten hasi ziren beste egoiliar batzuek utzi egin dute, ez dutelako jakiten zer esan. Baina niri ez zait halakorik gertatzen; beti dugu zer kontatua.