Easo eta Tabirako nagusitu dira ISBren Gabonetako Topaketetan

Uztarria.eus 2018ko abe. 30a, 18:57
Atzo hasi ziren Iraurgi Saski Baloi klubak antolatutako Gabonetako Saskibaloi Topaketak. Atzo goizez nahiz arratsaldez nor baino nor aritu ziren saskibaloian gaztetxoak, eta gaur jokatu dituzte nesken zein mutilen azken faseko finalerdiak nahiz finalak. 13:00etan hasi dira finalak, eta aurtengoan, nesketan Tabirako eta mutiletan Easo taldeak nagusitu dira. Kiroldegian jokatu dituzte finalak, eta sailkapeneko gainerako ohorezko postuak lortzeko lehian aritu direnek Urolako kantxetan jokatu dituzte neurketak, 09:00etatik aurrera.
 
Asteburuan Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako 200 neska-mutil inguru elkartu dira Azpeitian saskibaloiaren bueltan. Udal Kiroldegian zein Urola ikastolako kantxa estalietan jokatu dituzte partidak atzo eta gaur. Nesken taldeei dagok¡onez, bederatzi talde aritu dira lehian, hiru multzotan banatuta: Durangoko Tabirako, Donostiako Easo eta Iraurgi K; Beasaingo BKL, Gasteizko Araski eta Iraurgi A; eta Ordizia, Lizarrako Oncineda eta Iraurgi B. Mutiletan, berriz, zazpi talde aritu dira lehian: Easo, Ordizia, BKL, Arrasateko Ointxe, Urretxuko Goierri eta ISBko bi talde.