Hasi dira ISBren Gabonetako Saskibaloi Topaketak

Uztarria.eus 2018ko abe. 29a, 12:53

Martxan dira Iraurgi Saski Baloi klubak antolatutako ISBren Gabonetako Saskibaloi Topaketak. Gaur goizean hasi dira jardunaldiak, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik iritsitako 200 neska-mutil inguru elkartu da Azpeitian, saskibaloiaren bueltan. Udal Kiroldegian zein Urola ikastolako kantxa estalietan jokatu dituzte partidak 10:00etan hasita. 

Nesken taldeei dagok¡onez, bederatzi talde aritu dira lehian, hiru multzotan banatuta: Durangoko Tabirako, Donostiako Easo eta Iraurgi K; Beasaingo BKL, Gasteizko Araski  eta Iraurgi A; eta Ordizia, Lizarrako Oncineda eta Iraurgi B. Udal Kiroldegian jokatu dituzte lehen faseko neurketak, eta arratsaldean erabakiko da, Urolan, nortzuk jokatuko dituzten biharko finalerdiak.

Mutiletan, berriz, zazpi talde ari dira lehian: Easo, Ordizia, BKL, Arrasateko Ointxe, Urretxuko Goierri eta ISBko bi talde. Horiek guztiek denek denen aurka jokatuko dituzte partidak. Horietako batzuk goizez jokatu dituzte Urolan. Arratsaldean jarraituko dute partidekin kiroldegian. 

Eguerdi aldera, Sanagustin kulturgunera joango dira bazkaltzera, eta arratsaldean lehen fasea amaituko dute. Igande goizean, berriz, finalerdiak eta finalak jokatuko dira.

Bihar jokatuko dituzte nesken zein mutilen azken faseko finalerdiak. Kiroldegian jokatuko dituzte partidak, 10:00etatik aurrera. Finalak, berriz, 13:00etan jokatuko dira, kiroldegian bertan. Sailkapeneko gainerako ohorezko postuak lortzeko lehian arituko direnek Urolako kantxetan jokatuko dituzte beren neurketak, 09:00etatik aurrera.