Aimar Egigurenek Gipuzkoako kluben arteko kadeteen eskuz banakako finala jokatuko du zapatuan

Uztarria.eus 2018ko abe. 27a, 17:22
Aimar Egiguren artxiboko irudi batean.

Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko du finala Egigurenek, 10:30ean hasita. Zapatuko partidan Ilunpe ordezkatuko du pilotari azpeitiarrak eta aurrez aurre izango du Lapke pilota elkarteko Xabier Naldaiz.

Ilunpe pilota elkarteko Aimar Egiguren pilotariak Ezker hormako Gipuzkoako kluben arteko eskuz banakako txapelketaren finala jokatuko du larunbatean, hilak 29, Azkoitiko gurea pilotalekuan. Kadeteen lehen mailako finala jokatuko du Azpeitiko pilotariak, eta parez pare izango du Lapke pilota elkarteko Xabier Naldaiz.

Joan zen astean jokatu ziren txapelketako finalerdiak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta Egigurenek Ilunpeko Jakes Elosegiren aurka neurtu zituen indarrak. Partida hartan nagusi izan zen Egiguren, 18 eta 12 hartu baitzuen mendean Elosegi. Modu horretan eskuratu zuen finalerako txartela Egigurenek. Zapatuko partidan Ilunpe ordezkatuko du pilotari azpeitiarrak.