Denetariko produktuak eta jende ugari, Sanjuandegiko Azoka Herritiken

Uztarria.eus 2018ko abe. 17a, 12:36

Azoka Herritik iritsi zen Sanjuandegira, zapatuan, beste urte batez. Eguna triste esnatu bazen ere, eguerdia iristerako jende ugari bertaratu zen plazara, eta antolatzaileen aburuz "aspaldiko azokarik jendetsuena" izan zen zapatukoa. Giro ederra, denetariko postuak eta jende ugari elkartu zituen Azoka Herritikek. Baserritarren, artisauen eta kooperazio taldeen postuak ikusteko eta haien prioduktuak erosteko aukera izan zen zapatuan. Horiez gain, Elkar-ekinek jarritako bigarren eskuko azokan, liburuak, arropa, sukaldeko tresnak, altzariak eta antzeko produktuak izan ziren eskuragarri. Azpeitiko Argazki Elkartekoak ere azokan izan ziren, eta plazan jarritako argazki eskudioan dozenaka argazki atera zizkieten hara gerturatu ziren herritarrei. Urtero bezala, ez dute hutsik egin jan-edaneko postuak, eta Extremadurako, Elikaguneko nahiz Gaztetxeko kideek prestatutako jakiak dastatzeko aukera izan zen zapatuan. Honako hau Erlo Telebistak egindako laburpen bideoa da.