2019ko Irudhitzen egutegia, banatzeko prest

Uztarria.eus 2018ko abe. 10a, 14:51

Uztarria Komunikazio Taldeak Irudhitzen lehiaketan parte hartu zuten herritarren irudiekin eta hitzekin osatu du 2019ko egutegia. Uztarriako bazkideek datozen egunetan jasoko dute beren etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan, Sanagustin kulturgunean eta Plaza Txikiko kioskoan.

2019ko egutegia kaleratu berri du Uztarria Komunikazio Taldeak, Irudhitzen argazkilaritza eta literatura lehiaketaren aurtengo edizioak utzitako fruituekin. Uztarriako bazkide diren lagunek datozen egunetan jasoko dute egutegia abenduko aldizkariarekin batera. Gainerako herritarrek, berriz, bihartik aurrera egutegia erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan (Perez Arregi plaza, 1), Sanagustin kulturgunean eta Plaza Txikiko kioskoan, bost euro ordainduta. 

Lehiaketara aurkeztutako irudietatik epaimahaiak aukeratutako 12 argazki ageri dira egutegian, eta irudi bakoitza testu labur batez lagunduta dago. Testu horiek lehiaketaren idatzizko atalean parte hartu zuten herritarrek idatzitakoak dira. Epaimahaiak nabarmendutako argazkia Juan Joxe Agirrerena  da. Testua, aldiz, Maialen Etxanizena

Irudhitzen erakusketa, urtarrilean

Uztarriaren 2019ko Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako argazki eta testu guztiekin erakusketa prestatuko du komunikazio taldeak, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Urtarrilean izango dira ikusgai argazki eta testu guztiak Sanagustin kulturguneko hormetan. Data gerturatzen ari den heinean izango duzue xehetasun gehiagoren berri uztarria.eus-en.

Irudhitzen, urtez urte

2016an jarri zuen martxan Uztarriak Irudhitzen lehiaketa, herritarrak euskarazko edukien sortzaile izateko helburuarekin.

I. Irudhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea

II. Iruhitzen: argazkien ataleko irabazlea eta testuen ataleko irabazlea