Aitor Gorrotxategi: "Harrotasunez gogoratuko ditut herrigintzari eskainitako urteak"

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 13:12
EAJren agintaldi honetako udal taldeko kideak. (Azpeitiko EAJ)

Aitor Gorrotxategi Azpeitiko Udaleko EAJren bozeramaileak gutuna plazaratu du, agintaldi honetan egindako oposizioko lanaren gaineko balorazioa egiteko eta "beste batzuen txanda" iritsi dela jakinarazteko –Amaia Etxeberria izango da EAJren alkategaia datozen udal hauteskundeetan–. "Beti izan dut argi politikagintzak epe labur-ertain baterako izan behar duela", azaldu du Gorrotxategik.

"2015eko maiatzean, udal hauteskundeetara aurkeztu ginenean, gure programaren ardatz nagusiak hiru izan ziren: berreskurapen ekonomikoa, kohesio soziala eta bizikidetza. Hiru urte eta erdi luze hauetan, buru-belarri aritu gara ardatz horietan lanean, ekarpenak eginez, hobetu daitekeena adieraziz, Udal Gobernuaren ekintzak kontrolatuz eta ondo dagoena babestuz eta aitortuz; azken finean, oposizio eraikitzailea eginez. Emaitzak begi bistakoak dira, eta gaurko Azpeitia, orain hiru urte eta erdi genuenarekin alderatuz, nabarmen hobetu da.

Gobernuan dagoen alderdiak eta guk garbi erakutsi dugu politika egiteko beste modu batzuk egon daitezkeela. Eta konfrontazioaren politikatik, kolaborazioaren politikara pasatu gara. Pauso horren onurak begi bistakoak dira. Kolaborazioak arerioarekiko begirunea, errespetua, kontrola eta aitortza suposatzen du, eta hori da eskatu duguna eta ematen saiatu garena.

Helburu programatikora pasatuz: arlo ekonomikoan eman diren pausoak adostuak eta ausartak izan dira, nahiz eta oraindik zeregin asko egon; kohesio soziala lortzeko harturiko erabakiak ere nabarmenak izan dira, eta haien emaitzak ere bai; baina pausorik handiena bizikidetzan egin dugula deritzot. Gaur herrian bakea nabari da, eta harro esan dezakegu, gurean behintzat, politikariak gizartearekin bat eginda hartu ditugula erabakiak.

Etorkizunera begira ere hori da jarraituko dugun bidea. Gobernantza badagokigu, kolaborazio bideak irekitzen saiatuko gara eta begirunez eta errespetuz gobernatuko dugu. Oposizioan egotea badagokigu, berriz, orain arte erakutsi dugun apaltasunarekin eta lanerako gogoarekin jarraituko dugu.

Eskerrak emateko eta barkamena eskatzeko unea iritsi da. Eskerrak ematen dizkiegu konfiantza eman diguten guztiei; eta barkamena eskatzen dugu asmatu ez dugun ekintzen aurrean. Pertsonalki ere, eskerrak eman nahi dizkizuet nigan konfiantza jarri duzuen guztioi. Politikak baditu une garratzak, baina herritarrengandik jaso dudan babesari eta izan ditudan bidelagunei esker, herrigintzari eskainitako urteak harrotasunez gogoratuko ditut.

Beti izan dut argi politikagintzak epe labur-ertain baterako behar duela izan; hori horrela izanik, beste batzuen txanda iritsi da. EAJren kasuan, Amaia Etxeberria Etxeberriaren garaia da. Azken agintaldian gure taldeko zinegotzia izan da Amaia, eta Udaleko lan ildoak barneratuta ditu. Orain arteko bideari jarraituz, etorkizunera begira, gure irizpideekin jarraitzeko prestutasuna agertu du. Gure taldean eta nigan konfiantza jarri zenuten guztioi Amaiarengan konfiantza bera jartzeko eskatu nahi dizuet".