Udal eta foru hauteskundeak 2019

Amaia Etxeberria izango da EAJren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 19:21
Amaia Etxeberria. (EAJ)

Azpeitiarra EAJren udal taldeko zinegotzia da 2015az geroztik. EAJk garrantzia eman dio datorren urteko hauteskundeetarako hautagaia emakumea izateari. Etxeberriak esan duenez, "arduraz eta ilusioz" hartuko du "Azpeitiarentzat eta azpeitiarrentzat" lan egiteko erronka.

Amaia Etxeberria izango da EAJren alkategaia 2019ko udal hauteskundeetan, alderdi jeltzaleak gaur ohar bidez jakinarazi duenez. Azpeitiarra da Etxeberria, eta 48 urte ditu. 2015etik zinegotzia da Azpeitiko Udalean. Etxeberria hautatu dute EAJren oinarriek, eta hark esan du "ilusioz" dagoela. "Azpeitirako eta azpeitiarrentzat lan egiteko erronkari arduraz eta ilusioz egingo diot aurre", esan du.

EAJk azaldu duenez, zerrendaburua hautatzerakoan "indarra" eman dio alkategaia lehen aldiz emakume izateari, baita hautagaiak herriko "giza eta kultur bizitzan duen parte-hartzeari" ere. Izan ere, jeltzaleek gogorarazi dute Itsasi dantza taldeko eta Julian Barrenetxea abesbatzako kidea dela Etxeberria.

Jeltzaleek oharrean azaldu dutenez, alkategaia hautatu zuten batzarrean eskerrak eman zizkioten Aitor Gorrotxategi EAJren 2015eko hauteskundeetako zerrendaburuari eta egungo EAJren udal taldeko bozeramaileari, "herriarentzat egindako lanagatik eta izandako arduragatik".