Ane Bastida kide den Hesian taldeak 'Hasiera' diskoa kaleratu du

Uztarria.eus 2018ko aza. 22a, 11:46
Ane Bastida, Fran Urias eta ZuriƱe Hidalgo Hesian taldeko kideak. (Hesian)

Bastida baxu-jotzaileak Hesianekin grabatu duen lehen diskoa da Hasiera. Hamar abestirekin osatu dute Baga Bigarekin kaleratu duten disko berria, eta azpeitiarra "gustura" da emaitzarekin. Durangoko Azokan egingo dute lan berriaren aurkezpen emanaldia, Ahotsenean, abenduaren 7an, eta kontzertuekin otsailean hasiko dira.

Ane Bastida azpeitiar baxu-jotzailea kide den Hesian taldeak Hasiera izeneko lan berria aurkeztu du. Hamar abestirekin osatu dute Baga Bigarekin kaleratu duten disko berria, eta azpeitiarra "gustura" da emaitzarekin. Diskoari Hasiera izena jarri izana ez da kasualitatea Bastidaren arabera; izan ere, lan berriarekin ziklo berri bati hasiera eman nahi izan diotela azaldu du. "Pertsonak aldakorrak gara, sortzen duguna ere aldakorra da, eta gure erronka esperimentatzea eta doinu berriak sortzea izan da".

Bastidak dioenez, lan berrian beren "sen rockeroena" azaleratu dute, "betiko nortasuna" galdu gabe. "Disko honetan hainbat eratako abestiak aurkituko dituzte entzuleek, hala nola baladak, abesti rockeroak, doinu elektronikoak... Gure ustez, disko honek besteek baino heldutasun gehiago du. Gainera, beste diskoetan erdi biluztu egin izan bagara, oraingoan osorik biluztu gara; ditugun gabeziak ere agerian utzi ditugu".

Lehen aldiz, ekoizle batekin egin du diskoa Hesianek: Juan Blas madrildarrarekin. Sortze prozesua, beraz, desberdina izan da taldeko kideentzat. "Abestiak erdi prestatuta genituenean berarekin elkartu ginen, eta kanta guztiak berriz landu, horiei zati batzuk kendu, zati berriak erantsi, eztabaidatu... denetarik egin dugu". Bastidak aitortu duenez, batzuetan zaila egin zaie beraiek gustuko zituzten abestien zatiak kentzea edo aldatzea: "Amore ematea zaila den arren, elkarlana aberasgarria izan da".

Arbizun (Nafarroa), Madrilen, Gironan eta Bartzelonan egin dituzte diskoaren grabazioak. Bastidak Madrilen Juan Blasekin Westline estudioetan bizi izandakoa azpimarratu du: "Diskoko unerik ederrena izan zen, oso lasai eta eroso sentitu bainitzen grabatzen. Esperientzia bikaina izan zen grabaketak egin bitartean estudioan bertan bizitzea, inguruko lasaitasunarekin gozatzea eta grabaketa prozesuan oso-osorik murgilduta egotea". Marta Bellvehi ilustratzaile katalanak egin du diskoaren diseinua, hain zuzen ere, kantu bakoitzari ilustrazio bana egin dio marrazkilariak.

Baxu-jotzailea oso gustura dago lan berriarekin: "Diskoarekin, haren diseinuarekin eta ilustrazioekin, denekin nago gustura; baita musikari dagokionez egin dugun lanarekin ere". Azpeitiarrak adierazi duenez, diskoaren Hasiera izenak esanahi bikoitza du berarentzat: "Hesian taldearekin grabatu dudan lehen diskoa izan da. Asko disfrutatu dut, bai sortze prozesuan eta bai grabaketetan. Ederra izan da diskoak forma nola hartzen zuen ikustea. Taldelan ederra egin dugulakoan nago; izan ere, musikari guztion estiloak nabarmentzen dira kanta bakoitzean".

Durangoko Azokan egingo dute lan berriaren aurkezpen emanaldia, Ahotsenean, abenduaren 7an, eta kontzertuekin otsailean hasiko dira.