Ane Bastida: "Zapatukoa tristea izango da, baina era berean polita ere bai"

Uztarria.eus 2018ko mar. 1a, 11:45
Ane Bastida Lauroba taldeko baxu-jotzailea. (Yuri Agirre)
Laurobak larunbatean emango dio bukaera hamalau urteko ibilbideari. Donostiako Doka antzokian emango dute kontzertua (20:00). Ane Bastida da taldeko baxu-jotzailea, eta hura elkarrizketatu du Urola Kostako Hitzak.

Duela bederatzi urte inguru hasi zen Ane Bastida (Azpeitia, 1987) Lauroba taldean. Biolin-jotzailea ikasketaz, baxua jotzen ederki ikasi du urte guztiotan. Taldearen ibilbidearen bukaera dela-eta penaz badago ere, jasotako babesak zapatuko kontzerturako irrika piztu dio. Nork esango zion Laurobaren bideoklip batean agertu zen neska hari, taldaren historiaren zati bilakatuko zenik.

2010ean Uztarrian egindako elkarrizketa batean honako hau esan zenuen: "Harrituta gelditu nintzen Lauroba taldekoek proba egiteko deitu zidatenean?". Egin du euririk ordutik...

Deitu zidatenean harrituta gelditu nintzen; izan ere, sasoi hartan baxuaren bi soka jotzen nituen. Orduan Eztake taldean jotzen nuen, eta juxtu-juxtu moldatzen nintzen; izatez biolin-jotzailea naiz. Ikerrek [Lauroba] deitu zidanean, adarra jotzen ari zitzaidala pentsatu nuen, baina zerbait ikusiko zidan, edo ez dakit. Taldean hartu ninduten, baldintza batekin: baxua jotzen ikasi behar nuen. Eta halaxe aritu nintzen denbora luzez ikasten.

Eztaketik Laurobara jauzia handia izan al zen?

Eztake 16-17 urterekin sortu genuen musika eskolan. Baxu-jotzailea falta zela-eta hasi nintzen ahal nuena egiten. Beraz, jauzia handia izan zen. Eztakeko kideok lagunak ginen, berriak, elkarrekin ari ginen ikasten, eta Laurobara joatea bat-batean... Entzuten nituen Laurobaren kantak, kontzertuetara joaten nintzen, baina...

Eta Eztake desagertu egin zen.

Batzuk ikastera kanpora joan ziren, eta bakoitza bere bidea egiten hasi zen. Hala esan nien taldekideei: "Zuek itzultzerako baietz soka guztiak jotzen ikasi!". Bueltatu ziren, eta hala esan nion [Mikel] Zalduari: "Ba soka guztiak jotzen ditut!". Eta hark galdetu zidan zer taldetan hasi nintzen, ondo zekien-eta nire kabuz ez nuela ikasiko [barreak].

Nola aldatu da taldea urteotan?

Lehen bi diskoak gogorragoak ziren, eta handik aurrera baladak-eta sartu ditugu. Adinak ere badu eragina horretan. Ikasten joan gara urteekin. Laurobarekin ez dugu inoiz mugarik jarri kantuak egiterakoan; beti izan da esperimentu moduko zerbait. Eta kantuak eta diskoak horrela joan dira aldatzen.

Eta zer eman dizu Laurobak?

Familia bat izan da. Une oso onak bizi izan ditugu, baina momentu txarrak ere pasatu ditut nik. Eta Laurobak izugarrizko babesa eman dit, inoiz ez naute bakarrik laga, nahiz eta une jakin batzuetan ezin izan nuen kontzertuetara joan.

Esfortzua ere eskatuko du halako talde batean jotzeak, ezta?
Bai, handia. Gu ez gara musikatik bizi, taldekide guztiok lana egiten dugu. 08:00etan lanera sartu, eguerdian atera, arratsalde hasieran entsegu lokalera joan, kontzerturako gauzak hartu, Gasteizera joan, soinu froga egin, kontzertua eskaini, dena desmuntatu eta gauerdian entsegu lokalera gauzak uztera. Eta hurrengo egunean, lauzpabost ordu lo eginda, berriz ere lanera. Horrek nekatu egiten du. Baina gustura egiten ditugun gauzak direnez, hortxe jarraitu dugu orain arte.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.