Ariketa fisikorako Loiolako gunean saioak egingo dituzte, hango makinak erabiltzen ikasteko

Uztarria.eus 2018ko ira. 24a, 19:33

Urriaren 2an eta 5ean, bina saio egingo dituzte Aldakaitz baserriaren atzeko belardian. Doako ikastaroa izango da, eta 14 urtetik gorakoek parte har dezakete.

Joan den uztailaz geroztik, aisiladirako eta ariketa fisikoa egiteko aire zabaleko gunea erabilgarri dago Loiola auzoan, Aldakaitz baserriaren atzeko belardian, eta hango makinak egoki erabiltzen ikasteko saioak antolatu ditu Udalak datorren asterako.

Urriaren 2an (asteartea) eta 5ean (ostirala), ordu erdiko bina saio egingo dituzte ariketak egiteko parkean bertan. Urriaren 2an, 15:30ean eta 16:00etan elkartuko dira, eta hilaren 5ean, 11:15ean eta 11:45ean hasiko dira saioak. 14 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta interesa duenak hara ordurako agertzea besterik ez du izango. Maider Aizpuruak gidatuko du ikastaroa, eta udalak adierazi du euria egin arren saioa egingo dutela.