Ariketarako eta aisialdirako gunea egokitu du Udalak, Loiolan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 23a, 19:27

Ariketa fisikoa egiteko makinak jarri ditu Udalak, Loiolan. Aldakaitz baserri atzeko belardia egokitu du erakundeak, eta gaur, astelehena, jarri ditu tresnak. Guztira, sei makina daude; arrauna, bizikletak edota besoak lantzekoak, hain zuzen, eta hamalau urtetik gorako herritarrek erabil ditzakete. Aurreko agintalditik datorren proiektua dela adierazi du Kirol saileko batzordeburu den Estitxu Elduaienek: "Adinekoek bizitza aktiboagoa izateko helburuz lanean hasi ginen, eta beste herrietan jarri dituzten makinak aztertu ondoren, min hartzeko aukera gutxien eskaintzen dituzten tresnak aukeratu ditugu". Gainera, makina bakoitza nola erabili behar den azaltzeko, panel informatiboak ere ezarri dituzte.

Loiolako gunean ezarri dira makinak, "leku aproposena" delako. Loiolara herritar ugari paseatzera joatea, eta komun publikoak gertu izatea kontutan hartu ditu Udalak lekua aukeratzeko orduan; "gakoa da adinekoentzat komunak gertu izatea".

Ariketa fisikoa egiteko makinez gain, lau mahai ere ezarri ditu Azpeitiko Udalak. "Gimnasio kontzeptuaz haratago, norbanakoak nahiz familiak egoteko leku bihurtu nahi izan dugu".