Urriaren 15era arte eska daitezke sustapen ekonomikorako diru-laguntzak

Uztarria.eus 2018ko ira. 14a, 16:39
Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde zinegotziek jakinarazi dituzte Sustapen Planaren xehetasunak. (Maialen Etxaniz)

Ekonomia indartzeko Sustapen Plana gaur egungo egoerara egokitzeko saiakera egin du Udalak, eta aurten hiru lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak: lehen sektorean eta merkataritzan enplegua sustatzeko, enpresa edo industria proiektu estrategiko berritzaileak bultzatzeko eta ekintzailetza sustatzeko. Iaz, 90 proiektuk jaso zuten Udalaren diru-laguntza. Aurten, 300.000 euro bideratuko dira Sustapen Planera. 

Azpeitiko Udalak 300.000 euro bideratuko ditu aurten Ekonomiaren Sustapen Planera, eta dagoeneko zabalik dago sustapen ekonomikorako diru-laguntzak eskatzeko epea. Udaletxean edo Iraurgi Berritzenek Sindikatu Zaharrean duen bulegoan egin daiteke eskaera, urriaren 15a arte. Gaur azaldu dituzte 2018ko Sustapen Planaren inguruko xehetasunak Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde zinegotziek.

Udalak 2013an jarri zuen martxan Sustapen Plana, "ekonomia indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko" xedearekin. Aurtengo deialdia seigarrena da, eta zenbait egokitapen egin dituzte sustapen ekonomikorako diru-laguntzen oinarrietan. Udalak azaldu duenez, 2013az geroztik, Azpeitiko egoera ekonomikoa "aldatzen" joan da. Abuztuko langabezia tasa ekarri dute gogora gaurko agerraldian. Herrian %8,4koa izan da langabezia tasa abuztuan, eta azpimarratu dute "batez besteko langabezia tasa guztien azpitik" dagoela Azpeitikoa. Gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, gaur egun 595 langabetu daude Azpeitian, eta horiek "kalitatezko lana" izatea da Udalaren helburua. Hori dela eta, Sustapen Plana "egoerara egokitzen" saiatu da erakundea.

Iaz lau lan-lerrotan banatu zituzten diru-laguntzak. Aurten, aldiz, hiru ildotan. Horrenbestez, lehen sektorean eta merkataritzan enplegua sustatzeko, enpresa edo industria proiektu estrategiko berritzaileak bultzatzeko eta ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak. 

Merkataritzako lehiakortasuna eta lehen sektorea sustatzeko ekintzak edo jarduerak: Diruz lagunduko dira lana aurkitzeko erraztasuna emateko neurriak hartzen dituzten proiektuak. Baita langileen lan baldintzen hobeku­tzarako neurriak hartzen dituztenak ere. Merkataritzako eta lehen sektoreko jarduerak bultzatzea da diru-laguntzen helburua, baita lehiakortasuna hobetzea eta sektore horiek –merkataritza eta lehen sektorea– biziberritzea ere. Udalak 75.000 euro bideratuko ditu esparru horretara. Ildo horren barruan, bi laguntza bereizten dira. 

Alde batetik, bertako produktuak kontsumitzen dituzten jarduerak lagunduko dira diruz. Bestetik, lokalak behar berrietara egokitzeko edo alokatzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak. Esaterako, lokalak handitzeko, negozio lerro berriak sortzeko eta erakusleihoak berritzeko. Alde Zaharrean, Nuarben eta Urrestillan merkataritzako edo lehen sektoreko jarduerak jartzen dituztenak nahiz Azpeitiko Alde Zaharrean merkataritzako edo lehen sektoreko jarduera xede duten lokalen alokairuak ere lagunduko dira diruz. 

Enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak:  Diru-laguntza honen onuradun izango dira, alde batetik, 15 langile baino gutxiago dituzten enpresak eta proiektu berritzaileak eta Azpeitiaren dibertsifikazioa bultzatzea helburu dutenak. Bestalde, langile kopurua kontuan izan gabe instalazio eta ekipamendu tekniko eta teknologikoetan inbertitu nahi duten enpresak ere jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak. Azpeitian helbideratuta dauden enpresek ere jaso ditzakete diru-laguntzak. Diruz lagunduko diren  proiektuek izaera estrategikoa eta berritzailea izan behar dute. Proiektu bakoitzak 8.000 euro jaso ditzake gehienez. Helburua da proiektu berriak laguntzea. Horrenbestez, lehentasuna izango dute aurrez sustengurik izan ez duten proiektuek. Hala ere, proiektuak banan-banan aztertuko dira, eta Udaleko ekonomia batzordeak hartuko da erabakia.

Ekintzailetza:  Abiatutako jarduerek estrategikoak edo berri­tza­ileak izan beharko dute diru-laguntzak jasotzeko. Horrenbestez, ikerketa, berrikun­tza eta garapen-proiektuak lantzen dituztenak lagunduko dira diruz. Betiere sortu ahal dituzten lanpostuen araberakoa izango da laguntza, eta proiektuek sare ekonomikoaren diber­tsi­fikazioa eta kalitatezko enplegua so­tze­ko duten gaitasuna kontuan hartuko da. Udalak 75.000 euro bideratuko diru ekintzaileta sustatzeko.

Diru-laguntzen inguruko informazio zehatzagoa –baldintzak, diru-laguntzen gutxieneko kopurua– jakin nahi dutenek  943-15 71 83 telefono zenbakira deitu edo azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete.