Ekonomiaren Sustapen Planaren bitartez, 90 proiektu lagundu ditu Udalak

Uztarria.eus | Ekonomia
2018ko mar. 1a, 15:38

350.000 euro bideratu zituen Udalak iaz Ekonomiaren Sustapen Planera. Askotariko 90 proiektu lagundu ditu diruz erakundeak. Aurtengo planarekin enpleguaren kalitatean eragiteko konpromisoa hartu du udalak.

Eneko Etxeberria alkatea eta Estitxu Elduaien zinegotzia gaurko agerraldian. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Udalaren Ekonomiaren Sustapen Planak 2017an utzitako datuen berri eman dute gaur Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Estitxu Elduaien zinegotziak, eta gustura agertu dira 90 proiektu lagundu dituelako erakundeak. Langabeziari aurre egiteko eta herriko ekonomia sustatzeko jarri zuen martxan Ekonomiaren Sustapen Plana udalak, eta erakundeko ordezkariek esan dute formazioaren aldeko "apustu sendoa" ere egin dutela. Etxeberriak esan duenez, Azpeitia da tamaina horretako herrien artean ekonomian gehien inbertitzen duen herrietakoa. Hark gogorarazi du iaz 350.000 bideratu zituela udalak ekonomiaren sustapenera. Hori udalaren "kudeaketa onak" egin du posible Azpeitiko alkatearen arabera: "Duela hamar urteko egoeran ez badago ere, Azpeitiko datuak positiboak dira. Datu objektiboei begiratuta, eskualdeko langabezia tasa baxuena dugu Azpeitian; %8,8koa urtarrilean. Bailarako, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko tasak baino baxuagoa da gurea". Etxeberriak zehaztu duenez, horrelako sustapen planek industrian eta merkataritzan zuzenean eragiten dute, eta hori "nabaritu egiten da" herrian.

Ekonomiaren Sustapen Planaren helburua lanpostuak sortzea izan da orain arte, baina Udalak 2018an lanaren kalitatean eta lanpostuen duintasunean eragiteko konpromisoa agertu du. "Langabezia tasa baxua dugu, baina lanpostuen kalitateak oso kezkatuta gauzka. 2018ko ekonomia sustapenerako laguntzetan horixe izango dugu ardatz, lan baldintzak hobetzea eta prekaritatea jaistea".

Diru-laguntzak, datutan

Udalak askotariko 90 proiektu lagundu zituen iaz diruz. Hain zuzen ere, izaera soziala zuten edo ekintzaileek gauzatu zituzten hiru proiekturen artean 17.303 banatu zituen. Horrez gain, merkataritzari eta lehen sektoreari lotutako 42 laguntza banatu eta arlo horretara 50.127 euro zuzendu zituen. Orotara, sail horretan 12 kontratazio, 27 inbertsio edo lan proiektu, lehen sektoreko 2 berrikuntza lan, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko proiektu 1, alokairuarekin lotura duten 3 laguntza eta Alde Zaharreko 2 obra lagundu ditu diruz.

Bestalde, industria proiektu estrategiko edo berritzaileen bidez enplegua sustatzea finantzatzeko proiektuak ere lagundu dituzte; zehatz esanda, 21 proiektutara 192.000 euro banatu ditu udalak. Horrez gain, ekintzailetasuna sustatu eta enplegua bultzatzeko 24 proiektuk jaso dute diru-laguntza. Guztira, 72.500 euro banatu ditu udalak arlo horretako proiektuen artean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu