Xabier Iturralde: "Asko gustatuko litzaidake Azpeitian errekortari aritzea; uste dut herrian jarduteak xarma duela"

Uztarria.eus | Besterik
2018ko abu. 29a, 12:03

Xabier Iturraldek (Azpeitia, 2000) errekortari onenaren saria jaso zuen joan zen ostiralean Chivan (Valentzia, Herrialde Katalanak) egindako erakustaldian. Aurtengo txapelketak amaitu ditu Iturraldek, baina zezenaren aurrean ibiltzen jarraituko duela dio; "gogotsu", gainera.

Ezkerrean, Xabier Iturralde errekortaria.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Chivan irabazita, zer sentipenekin itzuli zara herrira? Espero al zenuen?

Ilusioarekin joan nintzen, eta etorri ere oso gustura egin naiz. Inork ez zuen minik hartu, eta hori pozgarria da.  Euskal Herritik bost errekortari joan ginen hara, eta Castellondik beste bost. Valentzia aldean errekorte mundua asko bizi dutela badakigu, eta horregatik ez genuen espero hango errekortarien maila ematerik. Han oso maila altua egoten da, baina ematen du haien pare egon garela, eta oso gustura itzuli gara etxera.

Euskal Herriko txapelketetan aritzen zarete normalean. Oraingoan kanpoko jendea eta ganadua ezagutzeko aukera izan duzue. Zer moduzko esperientzia izan da?

Pertsonalki, oso esperientzia ona izan da. Euskal Herriko zenbait txokotan ibili ohi gara, eta ez genuen ezagutzen hemendik kanpoko errekortarien maila. Chivako txapelketari esker kanpoko jendea ezagutzeko aukera izan dugu, baita hango zezenak nolakoak diren ikusteko ere. Orain arte ez gara kanpoko ganaduarekin aritu, eta alde horretatik, esperientzia ikaragarria izan da. 

Ba al da kuttuna duzun txapelketarik?

Nik parte hartu dudan txapelketetan ez dago bat nabarmenduko nukeenik. Izan ere, gustura joaten naiz txapelketa guztietara, deitzen didatenean. Badaude parte hartu ez dudan txapelketa garrantzitsuak, eta zaila da horietara iristea. Esaterako, Zaragozako [Espainia] edo Valentziako txapelketak. Leku horietan asko bizitzen dute errekortea, eta han jokatzen dira txapelketa garrantzitsuenak. Eta nola ez aipatu Azpeitian egiten den errekortari txapelketa. Asko gustatuko litzaidake Azpeitian errekortari aritzea; herrian jarduteak xarma duela uste dut. Azpeitiko txapelketak maila handia du, eta antolakuntza aldetik ere asko nabarmentzen da. Baliteke txapelketarik kuttunena hori izatea. 

Urtean zehar saio asko egiten al dituzue?

Ez pentsa. Hiru edo lau txapelketa jokatzen ditugu, eta pare bat erakustalditan ere parte hartzen dugu. Saioak ez dira asko izaten, baina han eta hemengo herrietara joaten gara zezenean ibiltzera. 

Azpeitian badago zezenekiko zaletasuna. Baina ba al dago zaletasunik errekorte munduaren bueltan?

Bai, eta nahikoa handia gainera. Horren erakusle da santioetan egiten den errekortari txapelketan zenbat jende joaten den zezen plazara; jendez lepo betetzen da urtero. 

Zer dela eta hasi zinen zu mundu horretan murgiltzen?

Azpeitian beti izan dugu afizioa sokamuturraren bueltan, eta txikitatik ibili naiz saltsan. Gazteagoa nintzela, bazkari batean, errekorte txapelketak antolatzen zituen Azpeitiko lagun batek egin zidan proposamena: "Hasi behar duk hik ere txapelketetara joaten; azpeitarra izanda, egurra aterako duk...". Hark animatuta, Bergarara joan nintzen 16 urtez azpikoen txapelketa batera. Han hasi, eta pixkanaka pixkanaka... gaur arte. 

Zer da afizio horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Zezenean aritzea asko gustatzen zaigu, baina horrez gain, afizioaren bueltan sortzen den lagunartea nabarmenduko nuke: hara eta hona joan, hainbat herritako jendea ezagutu, elkartu... Asko ematen du lagunarte horrek. 

Eta zer da errekortari izatearen alderik zailena?

Errekortearen mundua oso zaila da. Izan ere, ezeren truk asko jokatzen dugu. Gure afizioa da eta gustura ibitzen gara, baina ez duzu ezer behar zezenak harrapatu eta zerbait larria gertatzeko. Alderik zailena hori da: beti ondo itzultzea joaten garen lekuetatik. 

Non egiten dituzu entrenamenduak? Norekin?

Bakoitzak bere erara entrenatzen du. Horretarako, hainbat herritara joaten gara zezenean ibiltzera. Horrez gain, garrantzitsua da ideiak praktikan jartzea, formatzen joateko. Komenigarria da norberak baino gehaigo dakien jendearekin ibiltzea, egindako akatsak zuzentzeko eta pixkanaka hobetzen joateko. 

Ba al da errekortari eskolarik inguru hauetan? Eta ba al da zurekin batera aritzen den beste gazterik? 

Egon badago; Bergarako Errekortari Eskola. Hemen inguruko txapelketak antolatzen dituen ganadutegia da. Saioak haiek antolatzen dituzte, eta haien bitartez egiten ditugu txapelketa gaheinak. Baina entrenatu-eta gutxi egiten dugu, egia esan. Hemen, Gipuzkoan, gazte dezente aritzen da errekorteak egiten, baina ni Josu Valenciano itziartarrarekin ibiltzen naiz gehien. 

Hurrengo txapelketa noiz? Gogoz al zaude?

Aurtengorako nituen txapelketak ostiralean amaitu nituen, Chivako sariketarekin. Oraingoz, zezenean ibiltzen jarraituko dut herriz herri, txapelketez gain beste hainbat ekintza ere badaudelako zezenaren bueltan. Datozen txapelketak ere gogotsu hartuko ditut.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu