Bi partidarekin inauguratuko dute zapatuan futbol zelai artifizial berritua

Uztarria.eus 2018ko abu. 22a, 15:11
Futbol zelai artifiziala berrituta. (Azpeitiko Udala)

Zelaia berritzeko eta ura dreinatzeko lanak bukatu dituzte dagoeneko, eta zapatuan inauguratuko dute. 11:45ean Erregional Mailako Lagun Onakeko neskek Realekoak izango dituzte aurrez aurre. 18:00etan, berriz, Erregional Mailako gizonen derbia izango da, Lagun Onaken eta Ikasberriren artekoa.

Bukatu dituzte dagoeneko Garmendipe kirolguneko futbol zelai artifiziala berritzeko lanak, eta larunbatean inauguratuko dute bertan jokatuko diren bi partidarekin. 11:45ean hasita, Erregional Mailako nesken partida izango da; Lagun Onakeko neskek Realekoak izango dituzte aurrez aurre. 18:00etan, berriz, Erregional Mailako gizonen derbia izango da: Lagun Onakek eta Ikasberrik neurtuko dituzte indarrak. Bi partidetarako sarrera doakoa izango da, eta Udalak herritarrei bertaratzeko deia egin die.

Uda sasoian egin ditu Udalak zelaia berritzeko lanak, eta denboraldi berria hasterako bukatu dituzte. Herriko futbol taldeek dagoeneko egin dute entrenamendurik zelai berrituan, eta taldeetako kideak "gustura" direla azaldu du Udalak.

Zelai zaharrak hamahiru urte eta erdi inguru zituen, eta zaharkituta egoteaz gain, hainbat arazo zuen. Hori dela eta, Udalak zelaia aldatu eta ura dreinatzeko arazoiei konponbidea eman die. 356.422,95 euroko aurrekontua izan dute berritze eta egokitze lanek, eta Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuaren arabera, inbertsioa handia izan bada ere, zelai horren erabilera ere horrelakoxea da: "Herrian erabilera handienetakoa duen kirol instalazioa berritu dugu. Herriko futbol taldeei, eskola kiroleko kideei eta bestelako eragileei behar bezalako azpiegiturak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin". Udalak jakinarazi duenez, astegunetan, batez beste, ehun lagun inguruk erabiltzen dute zelai artifizial hori, eta astebururo sei-zazpi partida jokatzen dituzte bertan.

Lanak bukatuta eta zelaia berrituta, Elduaienek gogorarazi du erabiltzaile guztien ardura izango dela zelaiaren zaintza: "Berritzea bezain ezinbestekoa da zelaiaren zaintza. Hori guztion ardura izango da. Erabiltzaile ugari ditu zelaiak, eta denon artean egin beharreko zerbait izango da haren zaintza".