Saninazioak 2018

Saninazioak "ikaragarriak" izan dira Udalaren arabera

Uztarria.eus 2018ko abu. 2a, 17:19
Herri bazkariko irudia.

Erakundearen arabera, "luzeak eta jendetsuak" izan dira festak. Udalak adierazi duenez, "ohiko tira-birez gain" ez da ezer berezirik pasatu festetan. Eraso sexisten prebentziorako karparen balorazio positiboa egin dute, eta Udalak esan duenez, ez dute aurtengo jaietan eraso "aipagarririk" izan denik jakin.

San Inazio festen balorazio «positiboa» egin du Azpeitiko Udalak, jaiak bukatu berritan. Erakundearen arabera, "luzeak eta jendetsuak" izan dira aurtengo festak, baina herritarren erantzuna ere neurri horretakoa izan da. "Luzeak izan dira jaiak, baina egun batean ere ez dute huts egin herritarrek", azaldu du Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak.

Saninazioak "ikaragarriak" izan direla azpimarratu du Ibarzabalek, "bereziak eta desberdinak" izan direlako. "Kontzertuetan, umeentzat nahiz helduentzat antolatutako ekintzetan… Jende ikaragarri izan zen ostiraletik atzo goizera arte herrian". Udalak adierazi duenez, "ohiko tira-birez gain" ez da ezbehar edo gertaera berezirik pasatu festetan, eta horrek "lasaitu" egiten dituela azaldu dute udal ordezkariek. "Herritarrak eta bisitariak eskertu nahi ditut festez giro onean eta errespetuz goza daitekeela erakutsi dutelako", esan du Festa batzordeburuak.

Ibarzabalek eskerrak eman dizkie jaiak eta ekitaldiak antolatzeko lanean aritu diren guztiei: "Haujijai batzordeko kideak eta Festa Mahaikoak eskertu nahi ditut, horien lanik gabe ez zelako halakorik posible izango". Gainera, festetan brigadan, kale garbiketan nahiz bestelako lanetan aritu diren herritarrei ere eman dizkie eskerrak, "dena behar bezala atera dadin" haien lana ere "ezinbestekoa" delako.

Eraso "aipagarririk" ez

Festa giroan gertatzen diren eraso sexistez jabetuta, gai horren inguruko sentsibilizaziorako, informaziorako nahiz lehen harrerarako karpa izan da San Inazioetako hiru egunetan Plaza Txikian. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren arabera, "ezinbestekoa" izan da kanpaina; izan ere, jende asko joan da karpara galderak egitera, informazioa eskatzera eta bizitako esperientziak kontatzera.

Etxanizen arabera, "tamalez", festa giroan ohikoak dira erasoak eta horiei aurre egiteko eta festez libre gozatzeko kanpaina egiten saiatu dira. "Emakume nahiz gizon jende ugari izan da karpan, eta herritarrek zerbitzu hori eskaini izana eskertzen dutela adierazi digute", esan du.

Udalak jakinarazi duenez, ez dute aurtengo jaietan eraso "aipagarririk" izan denik jakin. "Balorazio oso positiboa egiten dugu beste behin. Karpak bere funtzioa ondo bete duela uste dugu, erasoei aurre egiteko eta herria sentsibilizatzeko balio izan du aurretik zein festetan egindako lanak. Festak bukatuta, indarkeria matxistari aurre egiteko eta hezkidetza programekin lanean jarraituko dugu, arazo honekin lehenbailehen bukatzeko".