Saninazioak 2018

Salgai daude jada ostiraleko Kalera afarirako txartelak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 14:57

Orkatz eta Niza tabernetan eros daitezke afarirako txartelak. Ostiralean bertan ere eskuragarri jarriko dituzte. Afariaren aurretik manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta. Afaldu ostean, aldiz, hitza hartuko dute Loiolako herri harresian atxilotutako Esteban Orbegozok eta Beñat Hach Embarekek, beren alde abiatutako elkartasun kanpainari amaiera emateko. 

Preso, iheslari eta deportatuen aldeko eguna izango da ostiralean, hilak 27, Azpeitian, eta egun horretarako manifestazioa eta Kalera afaria antolatu dituzte Marea Arroxak eta Kalera dinamikako kideek. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera! lelopean egingo dute mobilizazioa, 19:00etan plazatik abiatuta. Hori amaitzean, ekitaldi bat egingo dute plazan. Gauean, aldiz, Kalera afaria izango da Azoka Plazan, 21:30ean hasita. 

Afarirako txartelak atzo, asteartea, jarri zituzten salgai, eta eskuragarri daude Orkatz eta Niza tabernetan. Ikasleek eta langabetuek 12 euro ordaindu beharko dute txartela aurrez erosiz gero. Landunek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dute afaria. Ostiralean bertan ere erosi ahalko dira afaritarako sarrerak. Egun horretan ikasle eta langabeek 15 euro ordaindu beharko dute txartela, eta landunek 18 euro. Honako hau izango da menua: entsalada, Getariako atuna tomatearekin, txahal masailak, arroz esnea, kafea eta kopa. 

Afaria amaitzean, hitza hartuko dute Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarrak eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak. Haien kontrako epaiketa salatzeko eta prozesuak eragindakon gastuei aurre egiteko laguntza eta elkartasun kanpaina jarri zuten martxan iaz, eta horri amaiera emango diote ostiralean, herritarrei erakutsi dieten babesa eskertzearekin batera. Ondoren, ekitaldia izango da, eta Gartxot bakarlariaren emanaldiak itxiko du egitaraua.